Tentsio handiko orduen ondoren, lasaitasuna berreskuratzen saiatzen ari dira jada Basurtuko ospitalean (Bilbo). Atzo gauean emakume batek haur jaioberri bat bahitu zuen, eta umea ez da gaur goizera arte agertu: Santutxu auzoko atari batean utzi du; onik da txikia, osasun arduradunek baieztatu dutenez. Emakumea, berriz, goizean atxilotu du Ertzaintzak, Zorrotza auzoan.
Ikusi gehiago: Protokoloaren arabera, haur jaio berriek amarekin egon behar dute une oro
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak goizean goiz zabaldu duenez, bart 22:00 aldera gertatu zen bahiketa: emakume bat ospitalean sartu zen osasun langile baten itxurak eginez. Ginekologia plantan sartu zen, eta haur bat eraman zuen, hari azterketa bat egin behar ziola esanda. Gurasoek sumatu zuten nabarmen luzatzen ari zela azterketa, eta ospitaleko bertze langileei umea non zen galdetu zieten. Jarraian, bai bertako langileak eta bai haurraren aita umearen bila hasi ziren, baina ez zuten erietxean aurkitu.
Haurtxoa 08:00 aldera agertu da, Santutxu auzoko atari batean –Karmen plazako 26. zenbakian–. Bahitzaileak zortzigarren solairuko etxebizitza baten aurrean utzi du; txirrina jo, eta alde egin du. Bizilekuko jabeak batzuen bahiketaren berri; beraz, atea ireki eta lurrean ume bat ikustean, Ertzaintza deitu du. Umea onik dago; anbulantzian eraman dute erietxera, han identifikatu dute, probak egin dizkiote, eta arazorik ez duela baieztatu dute. Gurasoekin dago jada.
â;ÂÂÂÂÂ;ÂÂ;ÂÂ;ÂÂÂ;Â;Â;—ï¸;ÂÂÂÂÂ;ÂÂ;ÂÂ;ÂÂÂ;Â;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂâ;ÂÂÂÂÂ;ÂÂ;ÂÂ;ÂÂÂ;Â;Â;š ï¸;ÂÂÂÂÂ;ÂÂ;ÂÂ;ÂÂÂ;Â;Â; Haurtxoa Bilboko #Santutxu auzoan aurkitu duguâ;ÂÂÂÂÂ;ÂÂ;ÂÂ;ÂÂÂ;Â;Â;—ï¸;ÂÂÂÂÂ;ÂÂ;ÂÂ;ÂÂÂ;Â;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂâ;ÂÂÂÂÂ;ÂÂ;ÂÂ;ÂÂÂ;Â;Â;š ï¸;ÂÂÂÂÂ;ÂÂ;ÂÂ;ÂÂÂ;Â;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂ
— Ertzaintza (@ertzaintzaEJGV) October 20, 2022
Operatiboak eta ikerketak zabalik jarraitzen dute pic.twitter.com/KWN3TyPjuY
Jaioberria eraman duen andrea, berriz, 10:30 aldera atxilotu dute, Zorrotza auzoan. Segurtasun kamerek haren irudiak hartuak zituzten, eta horiek zabaldu ditu Ertzaintzak goizean, hura aurkitzen laguntzeko. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez, atxilotu aurretik ere identifikatua zuten emakumea: 24 urte ditu. Atzeman dutenean, lagun batekin zegoen Zorrotzako Azoka plazan, eta «urduri» sumatu dute poliziek.
Emakumea Ertzaintzaren Deustuko komisarian dago atxilo, eta han hartuko diote deklarazioa. Andrazkoak ez zuen aurrekari penalik, Erkorekaren arabera. Gertatutakoa argitzeko ikerketa abian du Ertzaintzak, baina, lehen zantzuen arabera, emakumearen helburua zen jaioberriren bat bahitzea, ez jaioberri hori espresuki. Izan ere, sailburuak azaldu duenez, andreak «zenbait saiakera» egin zituen atzo: erietxeko beste gela batzuetan ere sartu zen ume bila.
Segurtasun batzordea bilduko da
Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du eurek ere gertatutakoa ikertuko dutela, eta, horretarako, pazientearen segurtasunerako talde korporatiboaren bilerara deituko duela gaur bertan. «Segurtasun arazoren bat dagoenean, batzorde horrek aztertzen du zer gertatu den eta zergatik, eta protokoloak hobetzeko neurriak proposatzen ditu». Hain justu, Basurtuko ospitalean bertan egindako adierazpenetan, jaioberrien segurtasuna bermatzeko protokoloaz mintzatu da sailburua: «Ezarrita dago umea beti gurasoetako batekin egotea, eta, haiek ezin badiote lagundu, gure profesional bati eska diezaiokete. Informazio hori eman egiten zaie pazienteei, baina erditu osteko gorabeherak ere ulertu behar dira, ama bat umea izan eta gero zein egoera fisiko eta emozionalean dagoen».
Bahitutako haurraren gurasoekin ere egon da goizean Sagardui: «Gure profesionalak haien alboan egon dira momentu oro, eta familia babestuta sentitu da; esker ona adierazi dute». Erietxeko langileen jarrera ere txalotu du sailburuak, «laguntza profesionala ez ezik, humanoa ere eman» dutelako. Eta gertatutakoa barneratzeko laguntza eskaini die, bai familiari, bai langileei ere: «Oso une gogorrak izan dira, tentsio handikoak, eta saiatu dira gainerako pazienteek egoera nabaritu ez zezaten. Inork ez du halakorik bizi nahi». Hala ere, lasaitasunerako deia egin du: «Kasu hau zoritxarrekoa da, baina bakana da. Sakon aztertuko dugu zer gertatu den, eta protokoloak egokitu behar badira, hala egingo dugu».
Antzeko kasuak
Orain dela hamar urte ere, antzeko zerbait gertatu zen Donostia ospitalean. Jaioberri baten gurasoak lo zeuden bitartean, emazteki batek haien haurtxoa bahitu zuen. Ordu batzuk geroago, onik topatu zuten haurra. Handik bi urtera, 2014. urtean, bertze emakume bat ume bat bahitzen saiatu zen, baina erizain bat egoeraz jabetu zen, eta Ertzaintza abisatu zuen.