Indarkeria matxista

Atxilotu dute Abanton emaztea eta alaba hiltzea egotzi dioten gizonezkoa

Ama-alaba batzuk hil dituzte Abanton, eta 60 urte inguruko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, hilketak egotzita. Abisua 14:00etan jaso dute larrialdi zerbitzuetan, eta Ertzaintzak bi ordutik gora eman ditu gizonezkoaren bila: Portugaleten atzeman dute azkenean. Emakumeetako baten senarra da atxiloturikoa. Hildako bi emakumeak adin nagusikoak dira.

Hilketak salatzeko elkarretaratzea, Abanton. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko martxoaren 11
14:39
Entzun

Ama-alaba batzuk hilda aurkitu dituzte Abanton (Bizkaia), eta Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Portugaleten (Bizkaia), hilketak egotzita. Emakume helduenaren senarra da atxiloturiko gizonezkoa. Bi emakumeak adinez nagusiak ziren.

Ertzaintzak 14:00etan jaso du abisua: Abantoko etxe batean bi emakume atzeman dituztela hilda. Ertzaintzak 16:30 aldera atxilotu du emakume helduenaren senarra, bi ordu eta erdiz haren atzetik ibili ondotik. Gizonezkoa «ia konorterik gabe» atzeman dute Portugaleten, botika batzuk hartuta, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Indarkeria matxistarekin lotutako aurtengo lehen hilketak dira Abantokoak. 2003tik, kontaketa egiten hasi zenetik, 104 emakume hil dituzte Euskal Herrian. Iaz lau emakume hil zituzten: horietako hiru Lapurdin, euren bikotekideek, eta bertze bat Nafarroan, semeak.

«Gaitzespen irmoa»

Abanton elkarretaratze jendetsu bat egin dute hilketak gaitzesteko, Erasorik ez erantzunik gabe. Aski da! lelopean. Emakundek ere «gaitzespen irmoa» erakutsi du hilketen aurrean, eta «doluminak eta babesa» erakutsi dizkie senideei. Protesta egiteko deia egin du: «Herritarrak animatzen ditugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena adieraztera, eta proaktiboak izatera emakumeenganako edozein jokabide iraingarriren aurrean». Emakumearen Euskal Erakundeak gogorarazi du indarkeria matxista «arazo estrukturala eta dimentsio anitzekoa» dela: «Gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren sinbolorik basatiena». Emakunderen hitzetan, «herritar guztien inplikazioaren eta berdintasunezko gizartea eraikitzeko beharrezkoa den balio aldaketaren bidez baino ez da lortuko emakumeenganako indarkeriarekin amaitzea». Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak jakinarazi duenez, Abantoko Udalak elkarretaratzera deituko du gaur arratsaldeko udaleko bozeramaileen batzordean.

Eudelek ere «gaitzespen irmoa» erakutsi du erasoarekiko, eta hark ere azpimarratu du gizartearen erantzukizuna: «Gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu». Udalak deituko duen elkarretaratzearekin zein «antola litezkeen gaitzespen ekimen guztiekin» bat egin du Euskal Udalen Elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.