Errepresiorik ez, konponbidea orain izanen du lelo heldu den larunbateko Donibane Garaziko manifestaldiak. 17:00etarako finkatua du antolatzaileak, Ortzaizeko sostengu batzordeak. Ortzaizen (Nafarroa Beherea) aste honetan iragan polizia operazioaren ondorioz sortu dute batzordea. Euskal Herri osoko herritarrak eta eragile sozial eta politikoak ere mobilizatzera deitu ditu batzordeak, «elkartasuna eta konpromisoa erakusteko», bertako kide Elorri Aizagerren hitzetan. 600 bat lagun inguruan zituela iragarri zuen manifestaldia batzordeko kideak atzo, Ortzaizeko plazan.
Asteartetik hona Ortzaizenatxilotu Xabier Goienetxea, Iñaki Reta, Terexa Lekunberri, Jeff Mateo eta Graxi Etxebehere askatzea ere eskatu zuen batzordeak atzo goizeko agerraldian. «Konponbideak aitzina egin dezan». Arratsaldean jakin zen epaileak aske utzi zituela Mateo eta Lekunberri, Poliziak miatutako lehen etxearen jabeak. Reta eta Goienetxea ere atzo ziren epaile aurretik pasatzekoak, baina edizio hau ixtean ez zen haiei buruzko berririk.
Asteartean hasi polizia operazioa «gogorki salatu» zuen batzordeak, bai «Poliziak izan duen jokabide bortitzarengatik, bai gaur egungo egoera politikoan duen erran nahiarengatik», batzordeko Antton Seychalen hitzetan. Parisko bake konferentziatik zenbait astetara, «Poliziak jendeei fisikoki eraso dien gisa berean, konponbide prozesuaren kontrako eraso zuzen baten gisa ulertzen dugu. Indarkeriak gauzak okertu besterik ez du egiten», berretsi zuen Seychalek.
Poliziaren aurka, salaketak
Jojo Bidart kazetariak iragarri zuen salaketa jarriko duela Poliziaren aurka, kazetari gisa. Astearte gauean, atxiloketak salatzeko elkartu jendearen aurka Poliziak erabili gomazko bala batek zauritu zuen, hura lanera joana zela. Poliziak erabili «bortizkeriaren desproportzioa» berretsi zuen Bidartek. Poliziak zauritu beste hiru herritarrek ere salaketa bana jartzekoa dute.
Atxiloketen aurka protestara deitu dute uztailaren 18rako
Epailearen aurretik igaro ostean, aske utzi dituzte Mateo eta Lekunberri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu