Asteartean 21 urte bete ziren Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zutnetik eta haren sorreran parte hartu zuten hainbat lagun eta Martxelo Otamendi zuzendaria atxilotu zituenetik. Ez zen hura, ordea, egun bateko kontua izan. Egun ilunak izan ziren adierazpen askatasunarentzat eta Madrilgo ziegetatik zetozen notiziek ez zekarten ezer onik. Baina zulo beltz horretan izan ziren bestelako izpiak ere, eta gaur betetzen dira 21 urte, hain zuzen, inoiz ez bezalako manifestazio handi eta plural batek Donostiako kaleak hartu zituenetik.
Ba gosaltzen, aita bereziki urduri guri gertatutakoa azaltzen. Gero eskolan nire lehenengo manifa "simulazioan" (6.ekoek antolatu zuten jolas garain, gu 3.ean). Eta egun batzuetara Donostin jende pillaren alboan "Xingola askatu" oihukatzen,
— Maider Galardi F. Agirre (@MaiderGalardi) February 20, 2024
21 urte atzo balitz bezela,@berriapic.twitter.com/ZJNeMiz8Ll
Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak hainbat atal izan zituen. Itxiera eta atxiloketak izan ziren lehenik, eta egunean bertan, lehen mobilizazioak. Biharamunean Egunero atera zuten Egunkaria-ko langileek. Otsailaren 22arekin heldu zen Donostiako manifestazioa, Egunkaria aurrera. Bai euskarari lelopean. Inkomunikazio aldiaren amaieran iritsi ziren atxilotuek jasan zituzten torturen testigantzak.
21 urte pasatu dira. Beldurra, tristura, babesa, negarra... Otsaileko egun haien inguruan irakurleek dituzten oroitzapenak bildu nahi ditu BERRIAk, eta sare sozialetan galdera bota die: zer oroitzen duzu Egunkaria-ren itxieraz? Sare sozialetan utzitako erantzunak bilduko ditu, baita artikulu honetan iruzkinetan utzitakoak ere (BERRIAlagun izan behar da). Eta gogoratzen laguntzeko, inkesta batean hainbat aukera eman ditu: itxiera eta atxiloketak, Donostiako manifestazioa eta tortura testigantzak.
Zer oroitzen duzu 'Euskaldunon Egunkaria' itxieraz? BERRIAk otsaileko egun ilun horietako irakurleen oroitzapenak bildu nahi ditu. Beldurra, tristura, babesa, negarra... Sare sozialetan utzitako erantzunak jasoko ditugu, baita artikulu honetan iruzkinetan utzitakoak ere 👇🏾…
— Berria.eus (@berria) February 22, 2024
Oso gaztea bazara eta oroitzapenik ez baduzu, gertaera hartaz zer kontatu dizuten edo zer iritsi zaizun ere jaso nahiko luke BERRIAk. Maialen Akizuk aste honetan idatzi du Iritzia saileko Jira zutabean horri buruz: «Ni apenas oroitzen naizen egun hartaz, baina, gaur, orduan hasitako egunkari honetan idazten ari naizela, kosta egiten zait besterik gogoratzen. Duela asko izan zelako, baina duela ez hainbeste».