«Atxiloketa eta jazarpen politikoak amaitu egin behar dira betiko»

Epaituen ustez, agerian geratu da Espainiako Estatuak «Polizia eta epaitegiak erabiltzen dituela bere helburu politikoetarako»«Garai berriarekin bat dator epaia, baina azken atxiloketak ez», ohartarazi dute

Xabier Iragorri, Loren Arkotxa, Maribi Ugarteburu eta Juan Carlos Alduntzin, Xabier Alegriaren argazki bat ondoan dutela, atzo auzipetuek egin zuten agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Pozik. Oso pozik daude auzipetuak. «Noski, bestela ez ginateke pertsonak izango», dio Maribi Ugarteburu Amorotoko alkate ohi, Udalbiltzako kide eta epaituak, absolbitutako guztien izenean. Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoi eman die, eta epaitutako guzti-guztiak absolbitu ditu. Udalbiltzan egindako lana zilegi izan zela onartu die, gainera, Auzitegi Nazionalak berak. Baina «baina» ugari geratu zaizkie barruan; «sentipen gazi-gozoa», Loren Arkotxa Ondarroako alkate ohiaren hitzetan. «Duela ia zortzi urte, aste honetan bertan atxilotu dituzten pertsonak bezain terroristak ginen gu ere, esate baterako», azaldu du «gazitasun» hori Ugarteburuk. Horiek ere lan politikoa egiteagatik atxilotu dituztela-eta, orain errugabetzat jo dituztenek bizitakoa beste batzuengan errepikatzen ari dela ikusteak baldintzatu die poza. «Ez litzateke jazarpen politiko gehiagorik behin ere gehiago egon behar», esan du Ugarteburuk, gogoa inkomunikatuta dauzkatenengana eramanda. «Atxiloketa eta jazarpen politikoak amaitu egin behar dira betiko».

Gogora ekarri ditu 2003ko apirilaren 29ko polizia operazioarekin hasitako auziak eragin dizkienak: «Hamahiru kartzelatu, milaka euroren bermeak, bidaiatzeko debekuak, bi egunean behin edo astero sinatu beharra, eta are larriagoa dena, instituzio baten jarduera blokatua, bahitua, ezindua».

Hala ere, injustizia jasan dutela seguru dauden arren, pozarren daude epaituak. Espetxearen mamua bizkar gainean izan dute luzaro, eta taldeko inork ez du espetxera joan beharko. Ezin dute irribarrea ezkutatu. Emozioa. Besarkadak eta garaipen keinuak trukatu dituzte elkar ikustean. Epaiaren berri izan eta bi ordura egin dute agerraldia hedabideen aurrean. Aurrez jarria zuten ordua, eta ez zekiten zein egoeratan joango ziren. «Zama handia kenduta» joan dira, «hodei artean oraindik».

«Garai berri baten atarian gaude, eta gure sententzia bat dator garai berri horrekin». Baina oinak lurrean jarri, eta lausotu egin zaie hegaldia: «Atxiloketa politikoen soka gogor horri tiraka jarraitzea ez dator bat garai berriarekin». Hortaz, «agertoki berri hori sendotzeko baliagarri izan daitezkeen deialdi eta ekimen guztiak» babesteko eskatu dute.

Epaiari berari dagokionez, Ugarteburuk azaldu du lehen balorazioa besterik ezin dutela egin. Bi ordu besterik ez dira igaro berria jakin denetik, eta, beraz, ez dute epaia sakon aztertzeko aukerarik izan. Arlorik deigarrienei eutsi diete, beraz. «Argi dio sententziak: Udalbiltzaren jarduera ez zen jarduera terrorista». Lan politiko soila egin zutela errepikatu du Ugarteburuk. «Udalbiltzak egindako bidea, emandako pauso guztiak kritikagarriak bai, noski, baina ez zirela inolaz zigorgarriak esan digute Auzitegi Nazionaleko epaileek orain; guk urte hauetan guztietan horrenbeste aldiz errepikatu duguna».

Duela zortzi urte ere Udalbiltzaren zilegitasuna agerikoa zela diote epaituek, eta gauza bat argi geratu dela: «Estatuak Polizia eta epaitegiak erabili dituela eta erabiltzen dituela bere helburu politikoetarako, deliturik gabeko epaiketak ezarriz eta prozesu eta zigor luze hauek martxan jarriz».

«Kaltea egina dago»

Auzia hastean Espainiako Estatuak zuen «helburu bat» lortu zuela dio Ugarteburuk, penaz: «Udalbiltza oztopatu egin zuten, eta 2003ko hauteskunde haietan parte-hartze demokratikorako eskubidea eragotzi zuten».

«Kaltea egina dago». Horixe absolbituen poza apaldu duen beste arrazoi bat: «Kalte pertsonalak, baina baita kalte politiko handia ere». Ugarteburu eta Arkotxaren ondoan, Xabier Iragorri eta Juan Karlos Alduntzin egon dira mahaian eserita. «Gu laurok alkateak ginen». Atzean egon dira gainontzekoak, zutik, zinegotzi zirenak gehienak. Udalbiltza «borondate demokratikoaren bidez» sortu zutela azaldu du. Eta, Ugartebururen esanetan, lana «fruituak ematen hasi besterik ez zenean egin zapuztu zuten». Hain zuzen, horixe zuen helburu auziak, haren ustez: urratsak geldiaraztea.

Herritarren dirua «blokeatu eta ostu» zutela ere salatu du, eta epaiak ez duela horri buruzko aipamenik egin. Espetxean izan zituztenei buruzkorik ere ez. «Ez ditu egindako kalteak eta horien erreparazioa aipatu ere egiten».

Hala ere, alde gozoari eutsita amaitu dute agerraldia, auzipetuei babesa agertu dieten guztiei eskerrak eman ondoren: «Pozik gaude sententziak argi uzten duelako nazio instituzioak, era guztietako instituzioak, modu demokratikoan garatzea zilegizko lana dela». Aurrera begira baikor jarri dira, beraz, «etorkizun hobe bati begira»: «Argi geratu da Udalbiltzaren baliagarritasuna eta zilegitasuna bake eta demokrazia egoera erdiesteko eta Euskal Herria nazio gisa garatzeko. Tresna beharrezkoa zen, eta da; tresna zilegi zen, eta da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.