Atxikitze politikaren gogortzea salatu du CIMADEk

2022. urtean 261 gizon pasatu dira Hendaiako atxikitze zentrotik, nagusiki magrebtarrak. Tentsio giroa nabari dela salatu du etorkinak laguntzeko elkarteak

CIMADEko kideek agerraldia egin zuten atzo, datuen berri emateko. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«Atxikitze zentro guziak itxi beharko lirateke. Ez litzateke halako lekurik existitu behar». Historikoki defendatzen duten aldarrikapena oroitarazi zuen Maite Etxeberri CIMADE elkarteko langileak. Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan lan egiten du, migranteei aholkularitza juridikoa ematen. COVID-19aren pandemia iragan ondotik Frantziako Gobernua «datuen politikara» itzuli dela uste du elkarteak, eta atxikitze politikaren gogortzea salatu zuen urtero argitaratu ohi duen txostenean.

2022. urtean 261 pertsona iragan ziren Hendaiako atxikitze zentrotik: denak gizonak. Maroko, Aljeria eta Tunisiako herritarrak ziren nagusiki. Hendaian preso egon direnetatik %37,1 kanporatuak izan ziren, eta %52, askatuak, haien kontra hartutako urruntze edo atxikitze neurriak legez kanpokoak zirelako, edo kanporatzea ezinezkoa zelako. Gainerakoek bestelako neurri batzuk izan dituzte.

Oro har, atxikitzearen denbora luzatzen ari dela aztertu du CIMADEk. Hendaian, atxikitze epea 30 egunekoa da batez beste, gaur egun; 27 egunekoa zen 2021ean, eta 16,7 egunekoa 2020an. Leku kopurua ere emendatu da: 24 lekutik hogeita hamarrera iragan da, emazteentzako eta familientzako pentsatutako gune bat gizonena handitzeko baliatu ondotik.

Egoera horrek tentsioak sortu dituela ohartarazi du elkarteak. Iazko urriaren 3an, Frantziako Poliziarekin izandako eztabaida baten ondotik, matxinada bat abiatu zuten migranteek, eta sute bat piztu zen bizi eremuan. Zauritu larririk egon ez bazen ere, atxikitze zentroan bizi dutenaren erakusgarri da, CIMADEren ustez. «Urtean zehar, patologia psikiatrikoak dituzten hainbat pertsona sartu zituzten atxikitze zentroan; batzuetan, haien eta ingurukoen segurtasunaren kaltetan», Clara-Lou Lagiere CIMADEko langilearen hitzetan. Elkartearen hitzetan gero eta ohikoagoa da pertsonen zaurgarritasuna kontuan ez hartzea.

Horrez gain, Hendaian atxikitako hainbat pertsona herrialde «arriskutsuetara» kanporatzeko xedez egin dutela salatu du CIMADEk. «Afganistan, Sudan, Errusia... arriskutsuak direla kontsideratzen da, gerlan edo krisi egoeran daudelako. Tratu ankerra edo apalgarria pairatuko duten herrialdeetara kanporatzea oinarrizko eskubideak mespretxatzea da», adierazi zuen Lagierek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.