Atutxaren senideen hainbat enpresa ikertzeko eskatu du PPk

Javier Ruizek salatu du Juan Mari Atutxaren ahaideen lau enpresek berrehun adjudikazio jaso dituztela.«Klientelismoa» egotzi dio EAJri

LUIS TEJIDO / EFE.
Erredakzioa
Bilbo
2015eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohi eta Eusko Legebiltzarreko presidente izandakoaren senideen hainbat enpresari adjudikatutako kontratu publikoak ikertzeko eskatu dio PPk fiskaltzari. Bizkaiko idazkari nagusi Javier Ruizek salatutakoaren arabera, Atutxaren seme-alaben zein iloben lau enpresek berrehun adjudikazio publiko baino gehiago jaso dituzte azken urteotan. Lan horien zenbatekoa 68 milioi eurokoa dela dio Ruizek. Adjudikazio gehienak lehiaketa publikoaren bitartez egin ziren arren, «alderdikeria» eta diru publikoa «nahasi» direla ohartarazi du Alderdi Popularreko kideak. PPk ez du salaketarik jarriko auzitegian, baina Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuari eskatu dio has dadila ikertzen.

Ruizek komunikabideen aurrean eman du salaketaren berri. Jakinarazi duenez, Atutxaren ilobek eta seme-alabek kudeatzen dituzten lau enpresek jaso dituzte kontratu publikoak: Ekin, Ekin Eraikinak, Ingeplan Consulting eta Arkigest e IAZ. 1990eko hamarkadatik aurrera egin zaizkie lan publikoen adjudikazioak enpresa horiei, Ruizek dioenez. Ekin eta Ekin Eraikinak enpresa eraikitzaileei 40 milioi euroko kontratuak adjudikatu zitzaizkiola salatu du PPk, eta enpresa horien administratzaileak Atutxaren bi anaia eta bi iloba izan direla jakinarazi du. Ingeplan Consulting enpresari, berriz, 25 milioi euroko adjudikazioak egin zaizkio, eta Arkigest e IAZ arkitektura enpresari, berriz, hiru milioi eurokoak. Besteak beste, bi enpresa horien ardura postuetan egon da Asier Atutxa, Juan Mari Atutxaren semea eta gaur egun Bilboko Portu Agintaritzako presidentea.

PPk jakinarazi duenez, EAJren esku dauden eta egon diren hainbat instituzio publikoek adjudikatu dituzte kontratu horiek. Ruizek dioenez, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta hainbat udal eta partzuergoren ardurapean sinatu dira lan publikoak. Besteak beste, Mundakako eta Elorrioko Udalek (Bizkaia) baimendu izan dituzte lan horiek; zehazki Mundakako alkate Unai Rementeria zen garaian eta Elorriokoa Ana Otadui zenean.

«Euskal leinua»

Instituzio publikoek egindako kontratuak ez ezik, Atutxaren senideen enpresen kontuak berrikusteko ere galdegin du PPk, jasotako diruak EAJren altxortegian amaitu ote duen argitzeko. Izan ere, popularrek uste dute EAJk «klientelismoa» eta «aldeko tratua» erabili dituela eta «zigorgabetasun juridikoaz» baliatudela aberasteko. «Katalan kutsuko euskal leinua da», gaitzetsi du.

Auziaren «dimentsioa» kontuan hartuta, ezinbestekotzat jo du fiskaltzak ekinbideak hastea. Areago, Kalparsorok PPri deitzea espero duela esan du Ruizek, «ia lan erdia eginda duelako». Ikerketarik abiatu ezean, EAEko fiskalburuaren lana zalantzan egongo dela ohartarazi du PPko buruzagiak: «Ekitaldi sozialetara joan, ETAko presoen egoerarekin kezkatu eta Auzitegi Nazionala desegitea proposatzeaz gain, halako egoerak amaitzeko borondate apur bat duela erakuts dezala behingoz».

Ez da lehen aldia PPk EAJrekin zerikusia duten enpresa eta erakundeen arteko harremanak auzitan jartzen dituena. Aurten, hainbat salaketa publiko egin ditu, baina ez du auzitara jo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.