Atutxak ohartarazi du, «gaur egungo ongizatea jokoan dagoela»

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ongizate ona dagoela eta hori jeltzaleei zor zaiela adierazi du Durangoko mitinean.

Ipiñazar, Atutxa eta Elokoiribe, Durangoko mitinean. EAJ
Ipiñazar, Atutxa eta Elokoiribe, Durangoko mitinean. EAJ
gurutze izagirre intxauspe
2024ko apirilaren 13a
14:00
Entzun

Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak bukatu du Eusko Legebiltzarreko hauteskunde kanpainako gaur eguerdiko ekitaldia, Durangon. Mireia Elkoroiribe alkatea eta Maitane Ipiñazar Bizkaiko zerrendakidea izan ditu alboan. EAJren kudeaketa defendatu dute, eta Atutxak boto jelkidea eskatzera deitu ditu bertan bildutakoak: «Ongizatea dago jokoan».

Jose Antonio Agirre eta Jose Antonio Ardanza lehendakariak hartu ditu ahotan Atutxak. Lehenak justizia sozialaren oinarriak jarri zituela esan du, eta bigarrenak pobreziaren kontrako lehen politiken orubea jarri zuela, «gizarte kohesionatu bat helburu».

Lehendakari haiek egindako bidea goratu du, baina ez ditu aipatu gabe utzi Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu, eta Urkullu aipatzean txalo zaparrada batek eten du mitina, bertan baitzen lehendakaria, hainbat sailburuz eta alderdikidez inguratuta, hala nola Gotzone Sagardui eta Bingen Zupiria. Atutxak esan du «haserretu ere egiten dela zenbaitetan» dena gaizki dagoela entzuten duenean. «Ez al dugu ezer egin, ba!».

Egungo ongizatea EAJren lidergoari esker dagoela esan du, eta zenbait txostenetako datuak aipatu ditu. Besteak beste, langabezia tasak behera egin duela azpimarratu du, osasun zerbitzuak Espainiako Estatuan ongien baloratuak direla, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi direnei zer moduz bizi diren galdetuz gero hamarretik zazpik «ongi» erantzuten dutela.

Kritikatu egin ditu etorkizuna okerragoa izango dela diotenak. «Uko egiten diot hori pentsatzeari, EAJk segituko baitu gobernatzen. Bizi kalitateak okerrera egin dezake bestela. Horregatik, jendeari esan behar zaio ongizatea dagoela jokoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.