Atutxak Anduezari ohartarazi dio ez duela «beto eskubiderik»

Baieztatu du EAJk urrian hasiko dituela Estatutu berri baterako elkarrizketak alderdiekin.

IItxaso Atutxa EAJren BBBko lehendakaria. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Itxaso Atutxa EAJren BBBko lehendakaria. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko irailaren 19a
10:55
Entzun

Gernikako Estatutua betetzea eta Estatutu berriaren negoziazioa dira legealdi honen hasierako ardatzak. Alderdi eta erakunde nagusietako ordezkariak gai horien inguruan zer jarrera duten adierazten ari dira, negoziazioaren atarian. Itxaso Atutxa EAJren BBBko lehendakariak Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiari esan dio ez duela «beto eskubiderik». Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak inbestidurako babesa lortzeko asmoz EAJrekin egindako akordioari erreparatzeko esan dio, Onda Vascan egindako elkarrizketan. Atutxak ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko lana egingo dutela esan du, eta alderdiekin elkarrizketak urrian hasiko direla baieztatu.

Andueza prest da estatutu berri bati buruz hitz egiteko, baina ez estatus berri bati buruz. Atutxak erantzun dio hori ez duela Anduezak erabakiko, «baizik eta herri honek eta legebiltzarreko gehiengoak». Halaber, EH Bilduri esan dio ez duela «inposatzeko eskubiderik».

Iazko azaroan Sanchezek gobernuburu izateko EAJrekin egindako akordioa irakurtzeko esan dio, Atutxaren ustez, Gernikako Estatututik harago joatea jasoa baitago han, «baita Estatuaren eta Euskadiren arteko harremanetan ere».

Ez du auzitan jarri, halere, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa. Erakundeak gobernatzeko egindako akordioak argiak direla esan du, eta bereizi du hori estatutu berrirako eztabaidatik.

Sanchez ere izan du hizpide, eta uste du gero eta zailagoa daukala legealdiari eusteko. «Batzuetan, ahaztu egiten zaio Kongresura eramaten dituzten gaiek aurretik elkarrizketa bat behar dutela, eta kontsentsuak bozkatu baino lehen».

Pradales estatutu berriarekin

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere berretsi du estatutu berriak jaso beharko lukeela aldebikotasuna, nazioaren aitortza eta eskumenak beteko diren berme sistema bat. Telebilbaoko La Kapital saioan bart gauean egindako elkarrizketan berretsi du hori. «Nazionalista gisa, argi dut euskaldunok estatu propioa eraikitzeko eskubidea dugula, baina oso ondo dakit zer ordezkatzen dudan, non nagoen eta gauzak pixkanaka egin behar direla, euskal gizartearekin batera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.