Gernikako Estatutua berritzeko eta autogobernua erreformatzeko akordioa betetzeko «sasoian» dabiltzala azpimarratu du. Euskadi Irratian adierazi du hori gaur, kazetariak galdetu baitio ea egingarria ote den Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak iaz sinatutako akordioa. Agiri horretan, hain zuzen, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta «etorkizuneko autogobernuaren» inguruko akordio bat erdiestea adostu zuten alderdi biek; hori guztia, bi urteko epean, gehienez. Alde horretatik, gainera, Atutxak nabarmendu du Ortuzarrek Sanchezekin sinatutako akordioa «gurera» ekartzeko ordua dela. Gainera, nabarmendu du epe hori Espainiako Gobernuak ezarri duela.
Europako bozetan izan dituzten emaitzak kontuan hartuta, barnera begiratu beharra dutela onartu du Atutxak: «Aztertu behar dugu herrialde honi alderdi gisa egiten diogun eskaintza, Europako beste toki batzuetan gertatu bezala, berrogei urtez agintean egoteak desgastea eragiten duelako». Eta azkenaldiko hauteskundeetan izandako emaitzei eta lortutako bozen beherakadari erreparatu die ostean. «Beharbada, gure printzipioak azaltzeko modu berri bat aurkitu behar dugu, eta gizartearekin konektatzeko beste era bat».
Hain zuzen ere, eta Atutxak berak berretsi duenez, «XX. mendearen bigarren erdikoak» diren azpiegiturak eta antolakuntza irizpideak mantentzen dituzte oraindik ere alderdian. «Militanteen eskaerak entzun behar ditugu, eta hori guztia aldatu. Gabonetan egingo dugun batzar orokorrean landu beharko dugu gaia, edo urte hasieran, bestela. Hilabeteotan, militanteekin elkarlanean aritzeko prozesu polita izan daiteke», azaldu du. Alde horretatik, eta zuzendaritzan aldaketak egiteko aukeraren inguruan, ziurtatu du ez dietela esango militanteei zer egin behar duten. «Errespetu osoz aritzen dira beti halako prozesuetan, eta horrela jarraitu behar du izaten». Aurreratu duenez, barne gogoetarekin eta analisiarekin hasi dira jada.
EAJk izan ditzakeen aldaketei dagokienez, gainera, Atutxak berretsi du orain arte izandakoak «naturaltasunez» eraman dituztela aurrera. «Prozesu zabalak izan ditugu, eta askotarikok. Zorionez, uste dut horretarako momentu onean gaudela. Aldaketak egotekotan eta pertsona berriak sartzekotan, badugu non aukeratu», ziurtatu du.
Askotariko akordioak
Europako hauteskundeen ostean, astelehenean, iragarri zuten EAJk eta PSE-EEk Jaurlaritzaren gobernu programarako aurreakordioa sinatu zutela. Horren inguruan ere aritu da Euskadi Irratian Atutxa. Hain justu, aurreratu du askotariko akordioak sinatzeko prest daudela. Adierazi du, ordea, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia Pello Otxandiano EH Bilduko hautagaiarekin edota alderdi horretako beste kideekin biltzeak «luze» joko duela.