Bakegintza

Atutxa: «Erakundetzen ari dira ezker abertzalearen adar politikoaren eta adar armatu terroristaren arteko sinbiosia»

EAJko BBBko presidenteak esan du «biktimekiko errespetu gutxi» izatea dela «bizkarrean 22 hilketa» dituztenak omentzea, Troitiñori erreferentzia eginez.

Itxaso Atutxa, duela hilabete, EAJren Batzar Nagusian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2021eko abenduaren 27a
11:55
Entzun

EAJk EH Bilduren eta Sorturen aurka jo du bakegintzaren alorrean. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak esan du EH Bilduk oraindik ez duela «benetako gogoeta etiko eta moral bat egin hiltzeak esan nahi izan zuenaz».

Atutxak hizpide izan ditu Sortuk Antton Troitiñoren heriotzaren harira esandakoak, Mikel Albisuri babesa adierazteko eginiko elkarretaratzea eta David Pla Sorturen zuzendaritzarako proposatu izana: «Niri irudiak gogorrak iruditzen zaizkit, ez dut ukatuko. Agian orain ari gara publikoki harritzen, baina instituzionalizatzen ari dira ezker abertzalean ohikoa eta ezaguna zena: haien borrokaren adar politikoaren eta ETAren adar armatu terroristaren arteko sinbiosia».

Atutxak erantsi du «biktimekiko errespetu gutxi» izatea dela «bizkarrean 22 hilketa» dituztenak omentzea, Troitiñori erreferentzia eginez.

Bestalde, azaldu du EAJren eta PSE-EEren arteko harremana ona dela Eneko Andueza sozialisten idazkari nagusi izendatu ondoren ere: «Giro ona dago, eta argi geratu da akordioa ona dela Euskadirentzat». Gaineratu du harreman hori «zaindu» egin behar dela, «bien arteko akordioak egonkortasuna ematen duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.