EUSKAL PRESOAK

Atristaini bezala inkomunikazioa aplikatu zieten euskal preso guztiak aske uzteko eskatu dute

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ohartarazi du «milaka Xabier Atristain» izan direla azken hamarkadetan, eta gaur egun ere «dozenaka» daudela «espetxean egon beharko ez luketenak». Zigor Reizabal abokatuak nabarmendu du defentsarako eskubiderik bermatzen ez bazaio ezin dela inor zigortu.

Xabier Atristain euskal preso ohia, Zigor Reizabal abokatua eta Arkaitz Rodrigez Sortuko idazkari nagusia, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 11
13:48
Entzun

Xabier Atristainen gisan Espainiako Estatuan inkomunikazio erregimenaren pean atxilotu, espetxeratu eta zigortu zituzten euskal preso guztiak «berehala» aske uzteko eskatu dute gaur Zigor Reizabal Atristainen abokatuak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak. Rodriguezek ohartarazi du, izan ere, «milaka Xabier Atristain» izan direla azken hamarkadotan, eta orain bertan «dozenaka» daudela «espetxean egon beharko ez luketenak».

Espainiako Estatuaren Abokatutzak jarritako helegitea gibelera botata, astelehenean egin zen irmo Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an Atristaini buruz emandako sententzia. Epai horrek zalantzan jarri zuen Espainiako inkomunikazio erregimena, ebatzi baitzuen Espainiak Atristainen defentsarako eskubidea urratu zuela abokatu bat aukeratzen ez uzteagatik. Reizabalek eta Rodriguezek sententziaren balorazioa egin dute gaur Donostian egindako agerraldi batean, eta urratutako eskubideak «erreparatzeko» eskatu diote Espainiako Gobernuari, hala Atristainen kasuan nola «milaka euskal herritarren» kasuan ere. Erreparazio horrek eskatzen du, Rodriguezen hitzetan, espetxean direnak «berehala kalean» izatea: «Espetxean daude modu injustuan, eskubideak urratu zitzaizkielako».

Rodriguezen hitzetan, Espainiako Gobernua «behartuta» dago sententzia hori betetzera, bide arauemaile, politiko eta judizialak baliatuta: «Haren ardura da. Ez litzateke onargarria estatuak behartzea dozenaka Atristain horiek banan-banan Europara joan behar izatera». Parot doktrinarekin gertaturiko gauza bera egiteko eskatu du, funtsean, eta horretan indarra eginen dutela nabarmendu du, nahiz ez duen zehaztu nola: «Bataila juridiko eta politikoa eramango dugu».

Sortuko idazkari nagusiaren hitzetan, Atristaini buruzko sententzia «aukera» bat da, eta hala ulertu beharko luke Espainiako Gobernuak: «Aukera bat da euskal preso politikoen auziari konponbide justu, arrazoizko eta legala emateko, eta aukera bat da egiteko dagoen demokratizazio horretarako».

«Analogia osoa»

Estrasburgoko sententziaren «garrantzia» nabarmendu du Reizabalek, eta ebazpenak ematen dituen argudioak xehatu ditu prentsaren aitzinean: bertzeak bertze, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen Espainiak defentsarako eskubidea eta prozesu «justu eta ekitatezkoa» izateko eskubidea ukatu zizkiola Atristaini. Gaineratu duenez, halaber, Espainiako Auzitegi Nazionalaren martxoko sententzia batek «estandar berri bat» ezarri zuen inkomunikazio aldiko defentsa eskubideari buruz: «Agerian jarri zuen Atristaini eta beste euskal preso guztiei ezarritako inkomunikazioa bateraezina dela Giza Eskubideen Europako Hitzarmenarekin».

Estrasburgok Atristaini buruz emandako sententziaren arabera, eskubide hauek bermatu behar zaizkio atxilotu bati: abokatu bat libreki hautatzekoa eta abokatu batekin defentsa «eraginkorra» eduki ahal izatekoa. Hots, atzematen duten unetik bertatik, atxilotuak eskubidea izan beharko luke abokatu batekin bakarka biltzeko, eta abokatu horrek aukera izan beharko luke atxilotuaren espedientea ikusteko. «Baina Estrasburgoko sententziak azpimarratzen du inkomunikatuta daudenak ezin direla bildu abokatuarekin deklarazioaren aurretik».

Euskal preso anitzen kasuetan «analogia osoa» dago Atristainenarekiko, Reizabalen hitzetan: «Erregimen bera aplikatu zaie, eta eskubide urraketa berak». Abokatuak gogoratu duenez, Atristaini buruzko sententziak ondorio zuzena izan beharko luke bertze horiengan, «loteslea» baita: «Auzitegiak kasu jakin hori gainditzen du, eta estatuek haren doktrina errespetatu behar dute». Euskal preso anitzen zigorrak bertan behera uztea lekarke horrek: «Epaiketa justu baten faltak zigor injustua dakar; defentsarako eskubiderik gabe ezin da inor zigortu».

Atristain otsailaren 17an atera zen Martuteneko espetxetik (Donostia), Espainiako Auzitegi Nazionaleko hirugarren zigor salaren aginduz zigorra eten eta hark behin-behinean aske utzita. Reizabalek azaldu du Espainiako Auzitegi Gorenaren zain daudela berrikuspen helegitea aztertu ahal izateko, Estrasburgoko sententziak Espainian betearazteko modua hori baita: Atristainen zigorra behin betiko bertan behera uztea eta euskal preso ohia behin betiko aske uztea eskatua du defentsak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.