Xabier Atristainen gisan Espainiako Estatuan inkomunikazio erregimenaren pean atxilotu, espetxeratu eta zigortu zituzten euskal preso guztiak «berehala» aske uzteko eskatu zuten atzo Zigor Reizabal Atristainen abokatuak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak. Izan ere, Rodriguezek ohartarazi zuen «milaka Xabier Atristain» izan direla azken hamarkadotan, eta une honetan bertan «dozenaka» daudela, «espetxean egon beharko ez luketenak».
Espainiako Estatuaren Abokatutzak jarritako helegitea gibelera botata, astelehenean egin zen irmo Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an Atristaini buruz emandako sententzia. Epai horrek zalantzan jarri zuen Espainiako inkomunikazio erregimena, ebatzi baitzuen Espainiak Atristainen defentsarako eskubidea urratu zuela abokatu bat aukeratzen ez uzteagatik. Reizabalek eta Rodriguezek sententziaren balorazioa egin zuten atzo Donostian egindako agerraldi batean, eta urratutako eskubideak «erreparatzeko» eskatu zioten Espainiako Gobernuari, hala Atristainen kasuan nola «milaka euskal herritarren» kasuan ere. Erreparazio horrek eskatzen du, Rodriguezen hitzetan, espetxean direnak «berehala kalean» izatea: «Espetxean daude modu injustuan, eskubideak urratu zitzaizkielako».
Rodriguezen hitzetan, Espainiako Gobernua «behartuta» dago sententzia hori betetzera, bide arauemaile, politiko eta judizialak baliatuta: «Haren ardura da. Ez litzateke onargarria estatuak behartzea dozenaka Atristain horiek banan-banan Europara joan behar izatera». Parot doktrinarekin gertaturiko gauza bera egiteko eskatu du, funtsean, eta horretan indarra eginen dutela nabarmendu du: «Bataila juridiko eta politikoa eramango dugu».
Sortuko idazkari nagusiaren hitzetan, Atristaini buruzko sententzia «aukera» gisa ulertu beharko luke Espainiako Gobernuak: «Aukera bat da euskal preso politikoen auziari konponbide justu, arrazoizko eta legala emateko, eta aukera bat da egiteke dagoen demokratizaziorako».
«Analogia osoa»
Reizabalek atzo azaldu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren martxoko sententzia batek «estandar berri bat» jarri zuela inkomunikazioaz: «Agerian jarri zuen Atristaini eta beste euskal presoei ezarritako inkomunikazioa bateraezina dela Giza Eskubideen Europako Hitzarmenarekin».
Euskal preso anitzen kasuetan «analogia osoa» dago Atristainenarekiko, Reizabalen hitzetan, eta Estrasburgoren ebazpena «loteslea» da, gainera: «Auzitegiak kasu jakin hori gainditzen du, eta estatuek haren doktrina errespetatu behar dute». Euskal preso anitzen zigorrak bertan behera uztea lekarke horrek: «Epaiketa justu baten faltak zigor injustua dakar; defentsarako eskubiderik gabe ezin da inor zigortu».
Atristain otsailaren 17an atera zen Martuteneko espetxetik (Donostia), Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz zigorra etenda. Reizabalek atzo azaldu zuen Auzitegi Gorenaren zain daudela berrikuspen helegitea aztertu ahal izateko: Atristainen zigorra behin betiko bertan behera uztea eskatua du defentsak. 11 urte egin zituen preso.
Atristainen gisan inkomunikatu zituztenak aske uzteko eskatu dute
Arkaitz Rodriguezek ohartarazi du «dozenaka Xabier Atristain» daudela espetxean. Zigor Reizabal abokatuak nabarmendu du defentsarako eskubiderik bermatzen ez bazaio ezin dela inor zigortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu