Martuteneko espetxera itzularazi zituzten atzo Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak. Etxerat-ek herenegun azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hilaren hasieran bi presoei hirugarren gradua jartzearen alde egin bazuen ere, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak ontzat hartu zuen Fiskaltzak erabaki horren kontra jarritako helegitea, eta horren ondorioa da bi presoen egoera aldaketa: hirugarren gradua eteteko eskaera onartzen da, helegitearen gainean ebazpen bat eman arte.
Aldaketa horren harira, «haserrea» adierazi nahi izan du Etxerat-ek. Gogoratu du Atristaini iazko uztailean ere kendu ziotela hirugarren gradua. Inziartek orain dela gutxi iktus bat izan zuela adierazi dute, eta kaltegarria izango dela hau haren osasunarentzat. «Oztopo» hauek salatzeko protestak iragarri dituzte.
Atristainek hamabi urte eta erdi egin ditu preso. Duela urtebete Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak prozesu «justu eta ekitatezkoa» izatea egotzi ziola presoari, ez ziolako utzi inkomunikatuta egon zen aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen.
Inziartek 68 urte ditu, eta hamalau urte daramatza preso. Datorren urtean zigorraren hiru laurdenak beteko ditu.
Etxerat-ek adierazi du preso asko «askatasunerako» bidea egiten ari direla, horietako askori «dagokien« neurria dela, eta arbuiatu egin behar direla tankera honetako erabakiak. Gogoratu du iazko uztailean ere «salbuespenezko auzitegiaren» erabakiaren ondorioz itzularazi zutela Atristain bigarren gradura.