Atharratzeko Prefosta elkartean pintaketa LGTBIfoboak egin dituztela salatu dute

Elkarretaratze jendetsu eta ikusgarria egin dute erantzuteko.

Atharratzeko Prefosta elkartearen egoitza aitzinean, gaur egin elkarretaraztea. JOANES ETXEBARRIA
Isabel Jaurena - Olatz Silva Rodrigo
2024ko ekainaren 3a
19:25
Entzun

Pintaketa LGTBIfoboak egin dituzte asteburuan Atharratzeko Prefosta elkartearen atarian (Zuberoa).Taldeko kideek gertatutakoa salatu dute, eta hamarnaka herritarrek 19:00etan eraikinaren atarian egin dute elkarretaratze ikusgarria, «PD, eta harro», oihakatuz.

Adierazi dutenez, «LGTBIQ+ errealitateak gutxiesteko» egin dituzte pintaketak, «argudiorik gabeko pertsonek bortz segundoko indar superfiziala sentitu dezaten». Zehazki, «PD» zioten pintaketak egin dituzte eraikinaren leihoetan, zeina, salatzaileen erranetan, «laido LGTBIfoboa eta zapaltzailea» den. Hitz hori pederasta hitzaren txikigarria da, frantsesez maritxu errateko erabiltzen dutena.

Eraikina kudeatzen duen Prefosta elkarteak Bekat'uros jaialdiaren bigarren aldia antolatu zuen joan den apirilean, LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgaitasuna sustatze aldera. Lan horren kontrako erasoa izan da asteburukoa, elkarteak erran duenez, herriko «harreman sozial eta kulturala sustatzeko gazte talde aktiboa» delako beraiena.

Ez da lehenbiziko aldia gisako erasoak gertatzen direna. Izan ere, joan den apirilaren bukaeran LGTBI bandera bat bitan moztu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Nafarroaren Eguneko bestan gertatu zen, eta «eraso bortitz horri erantzuteko» elkarretaratzea egin zuten.

Prefosta elkarteko Inexa Decungek irakurri du elkarteak elkarretaratzeko idatzi ihardukitze agiria, eta honakoa oroitarazi du: «Homofobia ez da iritzi bat, baina bai delitu bat». Delitu horrentzat legeak urte bateko presondegiratzea eta 40.000 euroko isuna aurreikusten ditu, Frantzian. «Ez Prefostan, ez Euskal Herrian, ez eta beste inon ere ez dugu holako erasorik onartuko», adierazi du. Horregatik, Prefostak salaketa jarriko du jendarmerian.

Bekat'uros ekitaldiaren arrakastak erakutsi du «anitz ginela elkarrekin eta libreki bizi nahian», erran du Decungek. Tindaketa «bihozgabe» horrek ez dituela geldiaraziko gehitu du eta erakunde eta elkarteei sustenguaren erakustera dei egin die.

Eraso LGTBIfoboak Iruñean eta Amurrion

Iruñean ere izan dira erasoak asteburuan. Carlos Guzman Contigo-Zurekin taldeko bozeramaileak jakinarazi du larunbatean taldeko zinegotzi bati ostalaritza lokal batera sartzea galarazi ziotela, ortzadar bandera eramateagatik. «Jarrera LGTBIfoboak» gaitzetsi ditu Guzmanek. «Gertaera hauek ezin ditugu inondik inora ere onartu. Dakigunez, jokabide horien berri ematen diete erakunde eskudunei», adierazi du. Eta babesa adierazi dio zinegotziari. «Contigo-Zurekin taldeak konpromisoa hartzen du jarrera LGTBIfobikorik gabeko gizarte baten alde».

Bestalde, Iruñeko Media Luna parkean zegoen ortzadar koloreko bankuari torlojuak kendu dizkiote, eta erreka ondoko amildegira bota. Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi Zaloa Basabek esan du dagokion arloari jakinarazi diotela, «konpondu eta berriro jar dezaten».

Ortzadar koloreko bankua . BERRIA
Ortzadar koloreko bankua bota dute Iruñean. BERRIA

Basabek adierazi du Iruñean gertatzen den «edozein eraso LGTBIfoboren aurka jarduten duten bezala» jardun dutela oraingoan ere. Eta erantsi du: «Alde batetik, ezin dugu ukatu existitzen direla; bestetik, neurriak jarri behar ditugu horiek prebenitzeko eta desagerrarazteko». Erasoaren berri eman diote LGTBIfobiaren Aurkako Behatokiari ere.

Amurriko Udalak jakinarazi duenez (Bizkaia), herrian dagoen ortzadar koloreko bankuan ere pintaketa LGTBIfoboak agertu dira. X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez, erasoa gaitzetsi dute: «Amurrioko Udalak edozein ekintza homofobo gaitzesten du, eta pertsona guztien berdintasunarekiko, errespetuarekiko eta duintasunarekiko konpromisoa berresten du, haien sexu-orientazioa alde batera utzita». Argi utzi dute Amurrion ez dutela inolako diskriminaziorik onartuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.