Ingurumena. Atez atekoa Sakanan. Aitor Karasatorre. Sakanako Mankomunitateko presidentea

«Atez atekoari esker, jada sortu ditugu lanpostuak»

ainara arratibel gascon
Etxarri Aranatz
2013ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Lasai egoteko eta sistemari aukera bat emateko. Horixe eskatu die hondakinak atez ate biltzearen aurka daudenei Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorrek (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1972).

Nola joan da lehen eguna?

Atzo [herenegun] hasi ginen. Lehenago egin nahi genuen, bainaeuriteen ondorioz ezin izan genituen autokonposteko guneak martxan jarri. Lehen eguna ondo joan zen. Ez genuen inongo arazorik izan. Organikoa ateratzeko eguna zen. Gutxi bildu zen, baina normala da. Edukiontziak kendu berri ditugu. Bildu dena kalitate onekoa izan da. Alde horretatik, oso pozik gaude. Benetako erronka gaurtik [atzotik] aurrera izango da. Eman beharreko pausoa zen, orain arte eskualdeko birziklatze tasa soilik %25ekoa baitzen.

Jendearen erantzuna nolakoa izaten ari da?

Eskualdean oso errealitate desberdinetako herriak ditugu. Baina erantzuna, oro har, ona izaten ari da. Etxarri Aranatz da sistema ezarri dugun herri handiena, eta hor herritarren %95ek baino gehiagok jaso dituzte baldeak. Gorabehera txiki batzuk baino ez dira gertatu. Iragan astean auzo konposteko gune bat erre ziguten Uharte Arakilen, eta Urdiaingo festetan ontziak uzteko zutoinetako batzuk apurtu zituzten.

Zer mezu ematen diezu sistema horren aurka dauden herritar horiei?

Batzuk bazterrak nahasten saiatu dira, gaia politizatzen eta jendeari beldurra eragiten. Baina bilera ugari egin ditugu, eta, jendeari benetako informazioa eman diogunean, lasaitu egin da. Aurka daudenei lasai egoteko eskatuko nieke, eta emateko aukera bat sistemari. Birziklatzeko ohitura ez zutenak aztoratu egingo dira lehen egunetan, baina konturatuko dira zein gauza erraza den.

Cementos Portland enpresak hondakinak erretzeko asmoa du Olatzagutiko plantan. Eskualdean behin baino gehiago erakutsi duzue horren kontrako jarrera. Hori kontuan hartuta, jendeak kezka handiagoa al du hondakinen kudeaketarekin?

Kezka badago, eta bidegabeena da gu eredugarriak izango garela baina Nafarroako gainerako tokietako hondakinak hemen erreko dituztela. Izan ere, ez dago beste eskualde bat gaiari serioski heltzeko asmoa duena. Gehienez ere Leitzaldean edo Baztanen egingo dute zerbait. Horrek asko kezkatzen gaitu. Guk proposatzen dugulako, atez atekoaren aurka daude.

Atez atekoarekin lanpostuak sortzeko asmoa duzuela esan izan duzue. Zertan dago hori?

Jada sortu ditugu, sistema ezartzeko prozesuan bertako enpresek hartu baitute parte. Zutoinak, adibidez, hemengo enpresek egin dituzte. Enpresa horietako batzuk lana erregulatzeko dosierra zeukaten. Horretan jarraituko dugu, konpostatze planta berriak eraikiz eta beira beste modu batean kudeatuz, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.