Atez atekoa, arrakastaren giltza

Arabako hiri hondakinen inguruko azken txostenaren arabera, Kripanek eta Eltziegok abian jarri duten atez ateko zabor bilketa da modurik eraginkorrena hondakinak berrerabili eta birziklatzeko. Beste herri batzuetara zabalduko dute etxez etxeko sistema.

Atez ateko zabor bilketa Kripanen. ARABAKO ERRIOXAKO KUADRILLA
Atez ateko zabor bilketa Kripanen. ARABAKO ERRIOXAKO KUADRILLA
edurne begiristain
2024ko urriaren 16a
05:05
Entzun

Astelehenak eta ostegunak gorriz markatuak dituzte egutegian Kripango eta Eltziegoko herritarrek. Asteko bi egunetan, goizeko hamaikak baino lehen, hondakin organikoekin betetako ontzia etxearen atarian uzten dute, eta handik gutxira, hondakinak kudeatzen dituen enpresaren kamioneta ontziak jasotzera eta hustera igarotzen da. Bizilagun bakoitzaren txiparekin identifikatuta dauden ontziak batu, barruan diren hondakinak kamioi barrura bota, eta herriaren kanpoaldean jarritako konpostagailuetan uzten ditu. Hango konposta berriro erabiliko dute gero herrian, baratzeak eta lorategiak ongarritzeko modukoa izango baita.

Hondakin organikoa atez ate biltzeko sistema errotzen ari da Arabako Errioxako kuadrillan. Kripan izan zen atez ateko bilketa martxan jarri zuen eskualdeko aurreneko udalerria, 2021ean. Eta, harrezkero, emaitza «ikaragarriak» lortu dituzte, Ainhoa Iñiguez Arabako Errioxako Kuadrillako Ingurumen teknikariak azaldu duenez: hondakinen %87 bereizita biltzea lortu dute, eta, horri esker, hondakinen %85 birziklatzea. Atez atekoa martxan jarri aurretik, Kripanen ez zen iristen hondakinen %30 gaika jasotzera; orain, ordea, ez dute hilabeterik egiten %80ko gaikako bilketaren azpitik. Hiru urte egin ditu herrian atez ateko sistemak, eta bilketa datuak irauli izana «harro» egoteko modukoa dela uste du Iñiguezek.

Atez atekoa Kripanen
Ontziak Kripango etxe atarietan. ARABAKO ERRIOXAKO KUADRILLA

Kripanek duela hiru urte ezarritako sistemaren arrakasta ikusita, kuadrillako beste herri batzuetara zabaltzea erabaki zuten. 2022an, Eltziegon martxan jarri zuten. Emaitzak, hor ere, bikainak izan ziren: lortu dute zaborraren %64 bereizita biltzea, eta birziklatze tasa %61era igotzea. Kripanen eta Eltziegon abiatutako sistema eredu bilakatu da eskualdeko beste herri batzuentzat ere, eta, hala, Burgelun urratsak egiten ari dira sistema bera ezartzeko, eta aurki abiatu behar dute proba pilotu bat Lantziegon.

Araba osoan birziklatze daturik onenak dituzten udalerriak dira Kripan eta Eltziego, Arabako Foru Aldundiaren Hondakinen Behatokiak aurten kaleratutako txostenak agerian utzi duenez. Arabako 51 udalerrietatik bi herri horiek bakarrik lortu dute 2025erako zaborra berrerabiltzeko eta birziklatzeko ezarrita dauden helburuak betetzea, hau da, hondakinen %55 gaika biltzea. Etxez etxeko sistemaren eta konpostatze komunitarioaren inguruan ardaztu den birziklatze eredua gakoa izan da emaitza horiek erdiesteko. 

Derrigor izatea, funtsezkoa

Birziklatze datuak hobetzeko beharrak bultzatuta erabaki zuten Arabako Errioxako Kuadrillan atez ateko sistema ezartzea. Ez zuten egun batetik bestera egin, ordea. «Proba-errore metodoa izan zen hasieran», azaldu du Iñiguezek. 2017an, kuadrillako herri guztietan konpostatze guneak jarri zituzten, eta bizilagunei eskatu zitzaien horietan uzteko hondakin organikoak, baina erantzuna ez zen nahi bezalakoa izan, «borondatezkoa izateak badituelako bere mugak», Iñiguezen arabera. Eta, hain justu ere, konpostatze guneak herrian bertan izan nahi ez zituzten Kripango herritar askoren kexei erantzuteko asmoz, zera proposatu zien kuadrillak bertako bizilagunei: konpostatze guneak herritik urrunago paratuko zituztela, baina derrigorrezko atez ateko sistema ezarriko zutela. «Proba modura martxan jarri genuen, eta ongi atera zen».

«Tamalez, isunekin baino ez du jendeak ongi egiten. Atez atekoa derrigor izatea beste irtenbiderik ez dago, borondatezko izateak ez du funtzionatzen»

AINHOA IÑIGUEZArabako Errioxako Kuadrillako Ingurumen teknikaria

Apurka-apurka ezarri zuten sistema, herritarrekin hitz eginda eta «sentsibilizazio» kanpaina bat abiatuta. Nolanahi ere, Iñiguezek argi du atez ateko bilketaren arrakastaren giltza derrigortasunean dagoela: «Tamalez, isunekin baino ez du jendeak ongi egiten. Atez atekoa derrigor izatea beste irtenbiderik ez dago, borondatezko izateak ez du funtzionatzen». Baina behin sistema ezarrita, emaitzak ezin hobeak dira: egun arrunt batean, 250 kilo zabor organiko iristen da Kripango konpostagailuetara, eta lortu dute urtebetean 33 tona bio-hondakin birziklatzea. Gainera, ontzi kopuru gehiago birziklatzea lortu dute, eta, errefusari dagokionez, hasieran kamioi biltzailea astean hiru egunetan pasatzen zen, eta orain egun batean pasatzen da.

Eltziegon ere pozik daude sistemarekin, eta gutxika hobetzeko asmoa dutela azaldu du Juan Carlos Uribe alkateak. Uste du ingurumenaren alde «ale txiki bat» jartzen duela, eta bilketa mota horrek iraun egingo duela. Eltziegon 1.000 biztanle inguru bizi dira —Kripanen halako bost—, eta, uda sasoian, turismoagatik, han baino nekezagoa egiten zaie birziklatze tasari eustea, baina, oro har, «inolako arazorik gabe» egokitu dira herritarrak sistema berrira. «Batzuek gogoz kontra egiten dute, baina argi dugu ez dagoela beste biderik».

Atez ateko zabor bilketa Kripanen
Konpostagailuak Kripanen. ARABAKO ERRIOXAKO KUADRILLA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.