Atez atekoa alde batera utzi duten udalak kritikatu ditu Zero Zaborrek

GHK-k Banestoren, Caixaren eta Price Waterhousen aurka jarritako salaketa tramiterako onartu dute

Atez ateko sistema «eraginkorrena, garbiena eta merkeena» da, Zero Zabor taldearen ustez. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2013ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduak kritikatu egin ditu hondakinak atez ate biltzeko sistema baztertu duten herrietako ordezkariak, eta zoriondu eredu horren alde egin dutenak. «Kezkagarria da zenbait herritako politikariek irtenbideari muzin nola egiten dioten ikustea», salatu du taldeak agiri batean.

Datu ugari jarri ditu Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak adibide gisara: «Edukiontzien sistemak kasu guztietan porrota izan du, eta bost urtean ez du inoiz %40ko gaikako bilketa gainditu. Atez ateko bilketa sistemak erabateko arrakasta izan du, kasu guztietan %70etik gora gaika bilduz, jarri eta hilabete bakarrera».

Kritikekin batera, atez ateko bilketaren defentsa egin du mugimenduak: «Kazetaritza literaturak eta alderdi batzuen hauteskunde taktika deitoragarriek diotena diotela ere, atez ateko bilketa sistemak eraginkorrak, erosoak, garbiak eta merkeenak dira». Taldeak berretsi du hori esan behar den guztietan esango duela, «hedabideetako iragazkiak gure mezuentzako oso sentiberak direla jakinda ere».

Taldearen arabera, emaitza ezaguneko eta frogatutako sistema horiei «hipotesietan oinarritutako esperimendu berriak» eranstea proposatzen ari dira hainbat herritan. «Bilketa eraginkorra iragartzen ari zaizkigu, proposatutako sistemek horretarako inolako bermerik eskaini ez badute ere. Emaitza ona izaten duela frogatu ez duen sistema batekin helburua beteko dela esatea kea saltzea da».

Gipuzkoak «premiazko irtenbide bat» behar duela uste du Zero Zabor mugimenduak. Egunero milaka tona zabor bidaltzen dira zabortegietara. Testuinguru horretan, taldearen arabera, «zabortegi kutsagarriak ez dira irtenbidea, ezta errausketa bezalako tratamendu garesti eta toxikoak ere». Zero zabor eredu batera gidatzeko plana iaztik idatzita eta zehaztuta dagoela nabarmendu du, halaber. «Gipuzkoak ezin du hauteskundeetako presio politikoen eta elite baten interes ekonomikoen biktima izaten segi».

Arrasateko zero zabor taldeak, bestalde, esan du %80tik gora birziklatu nahi duela. «Orain arte Gipuzkoan atez atekoarekin lortu dira kopuru horiek, eta, gainera, hilabete batean».

GHK-ren salaketa aurrera doa

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak Banestoren, Caixaren eta Price Waterhousen kontra jarritako salaketa tramiterako onartu du Donostiako Lehen Auzialdiko 4. epaitegiak. Ebazpenaren arabera, salaketa arrazoitua dago, eta hogei eguneko epea ematen die salatutakoei iritzia eman dezaten. GHK-ko lehendakariorde Ainhoa Intxaurrandietak jakinarazi duenez, bankuek ez diote jaramonik egin GHKren eskakizunei, «are gehiago, ez ordaintzeko agindua eman arren, dirutza kobratzen jarraitu dute». Epaileak GHKren interesen alde jotzeko argudio asko dagoela uste du Intxaurrandietak.

PSE-EEk, berriz, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari eskatu dio hondakinen tarifa «egokitzeko», «errauste planta bezalako azpiegiturak ez direla egingo ikusita». Kuotak mantentzea ez dela normala esan du PSE-EEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.