Donostiatik Errotaburu aldetik irteteko errepide bazterrean, azken eraikinetako baten horma mintzo zaie auto gidari eta txirrindulariei; Ongi etorri Infernura. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz, amazigeraz. Infernua esaten zaio eremu horri, eta, atzo, Ertzaintzaren furgoneta batek estaltzen zuen mezua; Infernuko eraikinetako bat husteko agindu zuen epaileak, eta aterperik gabeko infernura kondenatu zituen hura babesleku zuten dozenaka lagun; baliabiderik gabekoak gehienak.
Herenegun eman zuen abisua Infernua Bizirik plataformak, litekeena zela ordu gutxiren buruan Polizia joatea eraikina hustera. Hala gertatu zen atzo goizeko seiak aldera. Ordurako, azken egun eta orduetan, bertan bizi zirenetako batzuk joanak ziren eraikinetik, eta hamabost bat lagun falta ziren irteteko Ertzaintza eraikin hori hustera joan zenean. Beren kabuz irten ziren, banaka-banaka, zeuzkaten baliabide apurrekin; bi motxilatan kabitzen ziren horietako batzuek zeuzkaten ondasun material guztiak.
Erresistentziarik gabe atera ziren bizileku zuten pabiloitik, fabrika zahar abandonatu batetik, eta etsita sumatzen zitzaien horietako askori behin kalean zirela; burumakur, hitz egiteko gogorik gabe eta, batez ere, gauean nora joan asmatu ezinik. Errepide bazterrean eta Poliziak hesituta protestan ari ziren 200 herritar ingururen txaloak eta oihuak kontsolamendu txikia ziren. Gordin hitz eginez irten zen horietako bat, polizien jokabidea kritikatuz eta Donostia «arrazista» dela oihukatuz.
Guztira ehun bat lagun bizi dira Infernuko eraikin zaharretan, eta horietako bat da hustutakoa; hiru solairuko fabrika bat. Gainerako etxebizitzetan bizi direnek bizileku horietan jarraituko dute, atzo ez baitzuten horiek hutsarazteko baimenik. Halere, eta 12:00 alderako pabiloia hutsik bazegoen ere, Ertzaintza beste eraikinetako batean sartu zen 13:00 inguruan.
Babes publikorik gabe
Donostiako Udalaren asmoa da eremu horretan bostehundik gora etxebizitza eraikitzea. Udalak argitu zuen eraikinaren jabeak eskatutako agindu baten ondorio izan zela hustea, eta udalak berak ez zuela zerikusirik. Atzoko hustearen ondoren, ordea, kalean geratu direnei alternatiba bat eskaintzea erakunde publikoen egitekoa dela gogorarazi du Imanol Legardak, SOS Arrazakeria elkarteko Komunikazio teknikariak: «Esan dute ez dutela isunik jarriko nahiz eta etxeratze agindua egon;gainera, eskerrak eman behar... Baina ez dute inolako alternatibarik eman erakundeek, eta euren erantzukizuna da». SOS Arrazakeria eta Caritas aritu dira aztertzen zer alternatiba eskaini Infernutik egotzi dituztenei, baina Legardak uste du erakunde publikoetako aterpetxeetan ez dagoela tokirik eta ezin dutela ziurtatu «baliabide ofizialekin bermatuko dela etxebizitza eskubidea».
Gainera, Infernuko pabiloiaren husteari aldagai xenofobo bat ere antzeman diote elkartean: «Kriminalizazio hau erabili da identifikazioak egiteko, Espainiako Poliziarekin lankidetzan aritzeko eta kanporatzeak bideratzeko. Migrazio politiken inguruko helburu bat dago».
Kritiko mintzatu zen Olaia Duarte EH Bilduko zinegotzia ere, nabarmenduta atzokoa «ulertezina» dela, bai kanporatutakoen segurtasunari erreparatuta eta baita «ikuspegi sozial batetik» ere: «Hirurogei pertsona kale gorrian geratuko dira. Iruditzen zaigu osasun pandemia garaian ezinezkoa dela hirurogei pertsona kale gorrian uztea; jada laurehun pertsona ditugu kalean bizitzen».
Ohar batean, LABek«operazioa zilegitzeko egindako kriminalizazio kanpaina eta arrazakeria instituzionala» salatu ditu, eta elkartasuna azaldu die «polizia operazio bortitzak eta errepresio etengabea jasaten ari diren bertako bizilagunei». Sindikatuak udala jarri du jomugan: «Pertsona guztientzako bizitza duina eta eskubideak bermatzearen betebeharra defendatu ordez, hirigintza proiektu suntsitzaile eta desjabetze planek lehentasun osoa izaten jarraitzen dutela argi geratzen da».
Aterperik ezaren Infernua
Donostiako Infernuko eraikinetako bat hustu dute, eta kalean utzi dituzte bertan bizi ziren baliabide urriko dozenaka pertsona. Erakunde publikoen jarrera kritikatu dute, alternatibarik ez emateagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu