EAJk eta EH Bilduk egin dute akordioa, finantzaketaren alorrean zituzten desadostasunak konpondu ondoren. Bi alderdietako buruzagiek azpimarratu dutenez, legegintzaldi honetan bi legebiltzar taldeek eginiko akordio garrantzitsuena izan da, berriki Eudel Euskadiko Udalen Erakundeko zuzendaritzan EH Bilduko hautetsiak sartzeko eginikoarekin batera. Hiru lurraldeetako herritarren %80 inguru biltzen dirabi alderdi horien esku dauden udaletan; horietako askotan, dena den, EAJk PSE-EErekin koalizioan gobernatzen du.
1979az geroztik, Jaurlaritzan egon diren alderdi guztiak saiatu dira lege horrekin eta denek porrot egin dute, foru aldundiek agertutako mesfidantzagatik, bereziki, finantzaketaren alorrean. Legeak 37 eskumen aitortu dizkie udalei, eta horiek finantzatzeko «berme» gisa, udalek, Eudelen bitartez, hitza eta botoa izango dute Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan udaletan agintzen duten lau alderdietako alkate banaren hitzak jaso ditu BERRIAk.
1. Zergatik onartu da orain, eta zer dauka lege honek aurretik eginiko egitasmoek ez zutena?
2. Egiazki konpontzen ditu finantzaketaren alorrean udalek beste instituzioekin izan duten dependentzia?
3. Legeak udalen esku uzten dituen 37 eskumenetatik zein nabarmenduko zenuke?
4. Bateragarria al da EAJk eta EH Bilduk egin duten akordioa EAJk PSE-EErekin beste instituzio askotan dituen gobernu itunekin?
JOSUNE IRABIEN Amurrioko alkatea (EAJ)
«Autogobernua babesteko atea zabaltzen digu legeak»
1
«Azken 30 urteotan borrokan aritu ondoren, lortu da legea. Eta lortu da gehien behar den unean. Ezinbesteko da gure udal eredua babestea, birzentralizatzeko eta toki erakundeen autonomia murrizteko dauden joeren aurrean Lege honek aukera ematen digu herritargoari ematen diogun arreta hobetzeko. Udalak benetako toki gobernu gisa kokatzen ditu, ez bakarrik administrazio gisa, eta euskal udalei autonomia handiagoa eta eskuduntza gehiago ematen dizkio. Lege horrek zabaltzen digu gure autogobernua babesteko atea eta, etorkizunean ere, kalitate eta eraginkortasun handiko zerbitzu publikoak eman ahal izan ditzagun gure herrikide guztien onerako».
2
«Legearentzat udalak ez daude gainerako erakundeen maila berean; eta hori ez da soilik eskuduntzei dagokienez gertatzen. Lehen aldiz, beharrezko mekanismoak egituratuko dira udalei finantzaketa nahikoa bermatzeko. Ezin dira udal eskuduntza berriak ezarri eskuduntza horiei dagokien finantzaketa ezarri gabe eta, gainera, euskal udalek ere gure finantzaketari buruz erabaki ahalko dugu.Oso garrantzitsua ere bada udalek ahotsa eta botoa izango dugula Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan, Euskadiko baliabideen banaketa erabakitzen den erakundean. Gainera, hobekuntza zehatzak ere izango dira, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen finantzaketan, udal euskaltegien edo eskola musiken finantzaketan».
3
«Eskuduntzak banan-banan aipatu baino gehiago, nabarmenduko nukeena da lege integrala dela. Testu berritzailea da eskuduntzak finantzaketa nahikoarekin lotzen dituelako. Eta, are garrantzitsuagoa dena, udal eskuduntza horiek ezin dituzte ondorengo arauek mugatu edo murriztu. Toki erakundeen autonomiaz hitz egin genezake, azken finean, bermatu egingo delako euskal udalen zerbitzu publiko esklusiboen kartera. Legeak, aldi berean, gobernu maila ezberdinen artean (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta udalak) lankidetza organoak aurreikusten ditu, besteak beste, Politika Publikoen Euskal Kontseilua. Hauxe ezinbesteko ardatza da gure erakunde sistemak funtzionamendu ona izan dezan, sistema propio eta bereizia maila anitzeko gobernantzan eta erakunde ezberdinen arteko lan koordinatuan oinarritua».
4
«Demokrazian akordioak beti dira onak; gai inportante baten gainean denean, askoz ere gehiago. Kasu honetan bezalaxe. Urteak eman ditugu Udal Lege bat izan gabe, eta bazen gabezia nabaria, udalen beharra alegia. Akordio honi dagokionez, EAJk eta EH Bilduk udalen gehiengoa islatzen dute Euskadi mailan. Ikuspuntu horretatik, udalen %80a oso esanguratsua eta bateragarria da hobeto ulertzeko zeintzuk diren erakunde hauen beharrak eta lana. Testuinguru honetan ulertu behar da emandako akordioa».
JULEN MENDOZA Errenteriako alkatea (EH Bildu)
«Udalen ahalduntzearen aldeko urrats garrantzitsua da legea»
1
«Hainbat elementu berri egin ditu bere lege honek, orain arteko proposamenek ez zutena: Udalen ahalduntzearen aldeko urrats garrantzitsua ematen du. Eskumenak aitortzeaz gain, eskumen horiek garatzeko finantzaketa oinarriak jartzen dira. Udalen jardueran, herri partaidetzari hainbat ate irekitzen zaizkio, euskarazko jarduna bermatzeaz gain, euskararen normalizazioan eragiteko eta sustatzeko eskumenak izango dituzte. Lurralde Historikoen baliabideak banatzeko orduan, udalek partaidetza zuzena izango dute, hitzez eta botoz. Eta beste hainbat ahalmen, udalak herritarren beharretara gerturatzen dituenak. EAEko udalen egoera gero eta okerragoa izanik, lege propio baten aukera gero nabarmenagoa izanik eta urrats hauek guztiak eman dituen proposamena adostu izanak, legea onartzeko aukerak sortu ditu».
2
«Aurrera urrats nabarmenak egiten ditu. Lurralde Historikoen baliabideak banatzerako garaian, udalak aldundien parez pare kokatzen ditu. Bestalde, udalek beste administrazio batzuen konpromiso zehatzak lotzen ditu, azken urteetan izan dituzten hainbat arazo errealen aurrean: musika eskolak, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, euskaltegiak... Hala ere, legea onartze hutsak ez ditu finantzaketa arazo denak konponduko, legeak dioena inplementatzeko bitarteko eta konpromiso zehatzak hartu ezean».
3
«Eskumen bakoitzak du bere garrantzia, eta pisua dauka, udalak herritarren beharrei bertatik bertara erantzun ahal izateko. Bakarra aukeratu baino gehiago, eskumen guztiekin borobiltzen den osotasuna azpimarratuko nuke».
4
«Uste dut galdera horri EAJk eta PSE-EEk erantzun beharko diotela. EAJ eta EH Bilduk, legea adostuta, EAEko udalentzat joko zelai berria adostu dute, udalentzat eta herritarrentzat egokiagoa dena. Hori bai, eremu horretan bakoitzak bere udal politika eredua garatuko du, gaur-gaurkoz oso desberdinak direnak».
JOSE ANTONIO SANTANO Irungo alkatea (PSE-EE)
«Munizipalismoaren zati garrantzitsu bat geratu da kanpoan»
1
«Testuinguru politikoa aldatu egin da, eta borondate politikoa ez da bera. Patxi Lopezen Udal Legeak izaera munizipalista argi bat zeukan: udalek autonomia zabal bat izan zezaten egiten zuen apustu, adin nagusiko udalak izan zitezen, ez beste erakundeen menpeko. Aspalditik aldarrikatu dugu sozialistok udalek autonomia behar dutela beren eskumenak eta finantzaketa bideak zehazteko. Hori jasotzen zuen egitasmo bat aurkeztu genuen, baina azkenean, tamalez, ez zen lortu behar besteko adostasuna».
2
«Ezetz uste dut. Eskumenen alorrean indefinizioak nabari ditut. Ez dago zerrenda bat, non esaten den zein eskumen diren udalenak soilik eta zein ez; gai batzuetan esaten da eskumen maila bat dutela, baina ez da zehazten, eta, gainera, ez da argi esaten nola finantzatuko diren, edo esaten da udalen baliabide propioekin egingo dela hori. Atentzioa ematen dit Gizarte Larrialdietarako Laguntzen finantzabideak. Eusko Jaurlaritzak horretarako onartutako gastua gainditzen bada, esaten da 20.000tik gora biztanle dituzten udalek ordaindu beharko dutela hori, eta oso luzea izan daitekeen aldi baterako epe bat ezartzen da horretarako. Ez zait iruditzen hori denik hasteko modurik onena».
3
«Nik nabarmenduko nuke legean, eskumenez baino gehiago, hitz egiten dela gaiei buruz. Legean jasotzen den zerrendan ez da zehazten zein diren udalen eskumen esklusiboak; gai batzuk aipatzen dira, zeharka esanez eskumenak direla, baina zehaztasun handirik gabe. Beste batzuetan, ez da argi azaltzen nola garatuko diren eskumen horiek, eta zein eragin izango duten udalen autonomiaren ikuspegitik».
4
«Ez naiz pertsona egokiena hori baloratzeko. Uste dut Euskadiko egitura instituzionala ulertzeko bi eredu daudela: EAJk diputazioak jartzen ditu besteen gainetik eta guretzat udalerria da etorkizuna, elkarbizitzarako gune naturala, herritarrei udalek ematen baitizkiete euren eguneroko arazoentzako erantzunak. Horrek ez du bateraezin egiten instituzioen arteko kooperazioa. Hori nahiko nuke nik, eta hori da gure jarrera. Egia da, Irungo alkate gisa, nahiago izango nukeela udalerriei autonomia handiagoaemango liekeen lege bat. Uste dut, gainera, gisa honetako lege batek ezin duela kanpoan utzi euskal munizipalismoaren zati garrantzitsu bat».
PEDRO LEON Guardiako alkatea (PP)
«Ez da bateragarriaEAJk eta PSEk dituzten gobernu akordioekin»
1
«Rajoyren gobernuak onartutako administrazio lokalen erreforma babestu zuen EAJk, eta hori dela-eta bermatu ahal izan dira gure udal sistemaren foru berezitasunak. Patxi Lopezen gobernuaren egitasmoak, eta horrek ere, hasieran, urratu egiten zituen hainbat foru eskumen, esku sartze bat ekarri zuen, bereziki udalen finantzaketaren alorrean. Azkenean, testuak mantendu egin du orain arteko sistema».
2
«Lege berriak, funtsean, ez du udalen finantzaketa sisteman aldaketarik ekarriko, ez behintzat egitasmoak hasieran jasotzen zuen moduan eta PSEk nahi zuen gisan. Batzar Nagusien eskumen bat da hori, eta horrela izango da legebiltzarreko tramitea pasatuondoren ere».
3
«Legeak duen gabezia handienetako bat da, hain zuzen ere, ez duela behar bezala ixten udalen eskumenen zerrenda. Aipatutako 37ak dira udalek esku har dezaketen gaiak, baina ez dira zehazten. Eskumenen mapa argitzeko aukera paregabe bat galdu da».
4
«Ez da bateragarria, inolaz ere. Horregatik ikusarazi dute EAJk eta EH Bilduk euren arteko akordioa instituzioetako aurrekontuak onartu ondoren. Gainera, sozialistek foru diputazioak eskumenez ustiatzeko eginiko asmoen aurka doa erabat lege hau. Eta bateraezina da, guztiz, PSEk Lurralde Historikoen Legea erreformatzeko eginiko proposamenarekin. Horretan ere EAJ ados jarri da EH Bildurekin, eta adostutako hori da jeltzaleek Eusko Legebiltzarreko Ebazpen Batzordera eraman dutena».