Pasaiako (Gipuzkoa) EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Podemos, Equo eta Ezker Anitzak elkarretaratze bat egin dute gaur Ategorrietako sarraskian hildakoak gogoratzeko. Herri ordezkariek lore eskaintza bat egin dute, Donostia eta Pasaia artean duela 93 urte hil zituzten langileak oroitzeko. Halaber, adierazpen bat onartu dute non Pasaiako Udalak konpromisoa hartu baitu «Guardia Zibilaren tiroz hildako arrantzale eta marinelak oroitzeko eta ondratzeko».
Guardia Zibilak Donostiako Ategorrieta auzoko ordulariaren parean hil zituen itsasgizonak, 1931ko maiatzaren 27an. Trintxerpeko Alkateordetzatik abiatu zen langileen manifestazio bat duela 93 urte, sektoreko lan gatazka baten gordinean. 2.000 langilek eta haien senitartekoek osatu zuten martxa, «seme-alabentzako ogia eta lankideentzako askatasuna» eskatzeko. Manifestazioak Poliziaren kontrol bat baino gehiago igaro zuen arazorik gabe, baina Ategorrietan, Guardia Zibilarekin topo egin zutenean, tirokatu egin zituzten.
Liburua eta plaka
Trintxerpeko Alkateordetzaren aurrean elkarretaratu dira gaur, hain zuzen, EH Bildu, EAJ, PSE eta Podemos-Equoko ordezkariak, Teo Alberro alkatea (EH Bildu) buru zela. Alberrok laburbildu du 1931ko sarraski hura nola izan zen. Era berean, ezagutzera eman du gertaera horien inguruko txostena euskaraz, galizieraz eta gaztelaniaz argitaratuko dutela, eta haren osagarria izango dela 1931-1939 Memoria de los vencidos idazlana (1931-1939 Garaituen memoria), Pasaiako Sorginarri bildumakoa.
Hildakoak «ahanzturak har ez ditzan» egin dute Ategorrietako sarraskiaren inguruko ekinaldia. Alberro alkateak iragarri du Pasaiako Udala aztertzen ari dela plaka bat ezartzea jazoera gogora ekartzeko.