Ateak Ireki webgunearen leihoa itxi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak. Atzo arratsaldean jakinarazi zuten berria webguneko kideek beraiek, Twitter bidez. Guardia Zibilaren txosten batean oinarrituta, Herrira mugimenduarekin lotu du webgunea Auzitegi Nazionalak, eta sarbidea galarazteko eskatu die telefonia enpresa batzuei. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, «ETAren aldeko Herrira-ren legez kanpoko jarduna» saihesteko hartu dute erabakia, webgunea «kaltegarria eta delituzkoa» dela argudiatuta. Dena den, epaia ez da irmoa oraindik, eta helegitea jartzeko aukera zabalik dute.
Ateak Ireki ez ezik, beste hiru atari ere itxi dituzte: www.egindezagunbideadonostia.com, www.etengabe.wordpress.com eta www.zarauzkoherrira.wordpress.com. Beraz, joan den irail amaieran Herrira-ren aurka abiatutako sumarioan sartu du Velascok Nafarroako komunikabidea. Atzo arratsaldean itxita zegoen gune horietarako sarbidea, baina Ateak Ireki-rena bikoiztu egin zuten, eta sarean bistaratzeko aukera eman.
Berria jakin orduko, adierazpen askatasunaren aldeko mezuak zabaldu zituzten herritar ugarik, eta Espainia osoko hashtag aipatuenen zerrendan sartu zen #AteakIrekiAurrera leloa. Sortuk, EAk eta Aralarrek ere gogor salatu zuten «erasoa», eta elkartasuna adierazi zieten webguneko kideei.
«Aurre eginen diogu»
Azken bi urteotan gertakari garrantzitsuen lekukotasuna utzi du Ateak Ireki-k; besteak beste, Iruñeko sanferminetako txupinazoan ikurrina jarri zutenekoa, eta Luis Goñi atxilotu zuteneko herri harresiarena. Nafarroako dozenaka kazetariren babesarekin jaio zen proiektua, Espainiako Poliziak 2011ko urtarrilean Apurtu.org webgunearen aurkako operazioa egin ondoren. Lau lagun atxilotu zituzten orduan, Askatasunaren «propaganda aparatuko» kide izatea egotzita.
Atzo bertan, beren kazetaritza lana eten nahi dutela salatu zuten Ateak Ireki-koek. «Egun tristea dademokraziarentzat», adierazi zuten: «Beste behin, Auzitegi Nazionalak erabaki du zer irakurri behar duten herritarrek». Baina aurrera jarraitzeko asmoa dute. Datozen egunetan zehaztuko dute jokabidea, baina argi utzi zuten jarrera: «Aurre eginen diogu gure esku dugun arma bakarra erabiliz: adierazpen askatasuna».
'Ateak Ireki' ixteko agindu du Auzitegi Nazionalak, Herrira-rekin lotu ondoren
Epaia ez da irmoa; beste hiru atari ere ixteko agindu dute, Guardia Zibilaren txosten bat oinarri hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu