«Garaia da. Ordua da. Orain da». Hala zioen Joan Mari Torrealdaik Gaur irekiko ditu ateak dokumentalean (2015), Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraz galdetuta. Erabat sinetsita zegoen euskarazko egunkari nazionala egiteko garaia zela hura: «Eztabaida utzi, eta egin dezagun». Torrealdairen moduan, beste hainbat euskaltzalek ere bat egin zuten proiektuarekin. Tartean izan ziren Imanol Murua Uria kazetari eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Nerea Azurmendi kazetaria, eta Txema Auzmendi kazetari eta jesuita. Gogoan dute 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990ekoaren hasieran egindako lan eskerga. Batzuek erredakzioan, beste batzuek bideragarritasun ekonomikoa antolatzen, eta beste batzuek «diplomazia lanetan». Nagusiki zeregin horretan aritu zen Torrealdai, «pixkanaka horma lodiak hausten eta ateak irekitzen».
1980ko hamarkadaren amaieran, Argia aldizkariaren bueltan sortu zen egunkariaren proiektuaren gaineko gogoeta. Unibertsitatetik irten berria zen orduan Murua, baina Argia-n kolaboratzen zuen ordurako, belaunaldi bereko beste hainbat kazetarirekin batera: «Denbora gutxi generamala, ohartu ginen egunkariaren ideia oso serio hartua zutela, egunkaria martxan jartzeko garaia zela erabakia zutela... Tokatu zitzaigun momentu egokian leku egokian egotea, beste batzuek pentsatu zutena martxan jartzeko». Egunkaria sustatzeko taldean zeuden Pello Zubiria, Iñaki Uria, Josu Landa eta Joxemi Zumalabe bera.
Aldizkariko talde hark, ordea, ondorioztatu zuen beharrezkoa zela talde sustatzaile indartsuago eta zabalago bat sortzea proiektuari babesa emateko, eta, asmo horrekin, 1989ko azaroaren 1ean bilera bat egin zuten Donostian, EKB Euskal Kulturaren Batzarreak deituta. Bertan parte hartu zuen Torrealdaik —Jakineko zuzendaria zen, eta beste zenbait taldekide ere izan ziren bilera hartan—. Hilabete geroago, berriz, Durangoko Azokan, Euskaldunon Egunkaria izango zenaren oinarriak finkatu zituzten, eta 1990eko urtarrilaren 21ean aurkeztu zuten Egunkaria Sortzen taldea, proiektua bultzatzeko ardura hartu zuena: «Hor ikusi zen Torrealdaik hartu zuela protagonismoa. Hor sortu zen proiektu osoaren motorra, gerora Administrazio Kontseilua izan zena: fronte diplomatikoa», nabarmendu du Muruak.
Auzmendi eta Azurmendi, biak izan ziren Egunkaria Sortzen-eko eta Administrazio Kontseiluko kideak. «Garai hartan, emakume gazte batentzat ohorea zen une horiek partekatzea Martin Ugalderekin, Joan Mari Torrealdairekin, Txema Auzmendirekin...», kontatu du Azurmendik. Auzmendi ere oroitzen da Euskal Herriko hainbat herritan ibili zirela eragileetako eta erakundeetako ordezkariekin biltzen, proiektuarentzat babesa lortzeko.
Ate joka eta sostengu bila
Herrietan egunkariaren aldeko batzordeak sortu ziren, baina topatu zituzten hainbat oztopo bidean: «Oso zaila zen garai hartan. Mesfidantza handia zegoen», dio Muruak. «Ustez Torrealdaik gertu zituen euskalgintzako zenbait kideren aldetik ere bai. Berak esaten zuen sinesten zuela erabat gure proiektuan, eta gogorrak egiten zitzaizkiola han eta hemen ikusten zituen mesfidantzak». Oroitarazi du, gainera, Eusko Jaurlaritzak garai hartan bazuela euskarazko egunkari publiko bat sortzeko proiektua, eta talka izan zela hori: «Gu beste proiektua ginen, Jaurlaritzarena ez zena».
Azurmendik uste du «bermea» izan zela prozesuan Torrealdai, Auzmendi, Ugalde eta Zumalabe —beste batzuen artean— alboan edukitzea: «Haien lana erabakigarria izan zen. Hori gabe ere bazuen sinesgarritasuna, baina sendotasuna eta bermea ematen zioten proiektuari». Muruaren ustez, Jakinek zuen «mundu ikuskera» eraman zuten Egunkaria-ra: «Jakinen izpiritu oso irmoa zeukaten: kulturgintzak autonomiarekin jokatu behar zuela. Gurera ekarrita, guk kazetaritza independentea genuen». Ez zuten berehalakoan babes instituzionalik lortu, ordea.
Nolanahi ere, proiektuak ez zuen atzera-bueltarik ordurako. 1990eko uztailaren 15ean jaialdi bat egin zuten Donostiako belodromoan, eta orduan argitaratu zuten zero zenbakia. Handik ia bost hilabetera kaleratu zuten lehen zenbakia, abenduaren 6an. Eta, biharamunean, hurrengoa. Euskaldunon Egunkaria martxan zegoen, horrenbestez.
Bidean nola egin aurrera
Eguneroko martxan batzuk eta ate gehiago irekitzeko asmotan besteak, bidean hasi zen Euskaldunon Egunkaria. «Harrigarria da zer konfiantza ematen ziguten», dio Muruak: «Pentsatzen genuen: ‘Hauek ere gurekin daude’». Azurmendik gehitu du «ongi pentsatutako» proiektua zela Egunkaria-rena, eta Torrealdairen rola nabarmendu du: «Askoren aurretik joateko gaitasuna izan du». 1994an lortu zuten aurrenekoz Jaurlaritzak diru laguntza ematea: «Errekonozimendu txiki bat izan zen», dio Muruak.
Auzmendiren ustez, «konfiantza handia» ematen zuen Torrealdaik: «Bazekien nondik jo, nola egin...». Gerora ere eutsi diote Administrazio Kontseiluan aritu zirenean sortutako harremanari: «Aho zabalik begiratzeko modukoa zen». 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, eta harekin izan zen zeldan Auzmendi. Egun haietan eman zion babesa ere ondo gogoan dauka. Hasieratik bukaeraraino «eskuzabala» izan zen Torrealdai.
JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak