Jone Usoz. Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekinbideko kidea

«Atea pixka bat ireki, eta guk oina sartu dugu; ez dugu berriz ixten utziko»

Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekinbideak euskararen legeak ezarritako zonifikazioa bertan behera uzteko eskatuko du bihar, Tafallan. Bidean den aldaketa ontzat jo du Jone Usoz kideak; ez, ordea, nahikotzat.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iruñeko Iturrama institutuan irakasle da Jone Usoz (Zangoza, Nafarroa, 1973); eta Zangozako ikastolan, berriz, ama. Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekinbideko kide da, eta euskaraz ikasteko aukera Nafarroa osoko eskoletan nahi du. Hori aldarrikatuko dute bihar, Tafallan (Nafarroa).

Besta eta aldarrikapen eguna izanen da biharkoa?

Bai. 11:00etan, herriko plazan euskaraz bizi nahi dugun herrietako kideok batzarra eginen dugu. Artaxoa, Zangoza, Lodosa, Mendabia, Sartaguda, Alesbes, Oteitza eta beste hainbat herritako jendea izanen da Tafallan. Goizez, halaber, haurrentzako tailerrak eta jokoak antolatu ditugu. 13:00ean kalejira eginen dugu.

Hori izanen da ekitaldi nagusia?

Bai. Iaz, manifestazioa egin genuen, baina aurten beste modu batera plazaratu nahi dugu gure eskaera. Aldarrikatu nahi dugu Nafarroa osoan nahi dugula euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea. Harresi altuagoak erori dira. Zonifikazioa amaitzeko ordua da aukeratu dugu lelotzat.

Zonifikazioa harresi baten modukoa da euskararentzat Nafarroan?

Harresi bat da, bai. Eta nahikoa dugu jada. Euskarak aurrera egiteko oztopo nagusia zonifikazioa da. Euskararen legea oso txikia gelditu zaio euskarari.

Urrian, zonifikazioari buruz, Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek berak onartu zuen Nafarroako eremu batzuetan bizitzeak ekartzen duela zenbait abantaila. Zer deritzozu?

Nabarmena dela zonifikazioaren eragina Nafarroan. Eta herritarrok, oro har, sumatzen dugu eragin hori. Hainbat tokitan, euskaraz bizi nahi izatea sekulako erronka da. Egunero egin behar duzu lan eta borroka. Eta, azkenean, gauza askotan amore ematen duzu. Hainbat tokitan euskaldunon kopurua txikia da, baina, hala ere, euskaldunok edozer gauza lortzeko sekulako borroka egin behar izatea ez da bidezkoa.

Euskararen legea aldatzeko proposamena parlamentuan da. Aldatuko dira gauzak, neurri batean, behintzat?

Aldaketa interesgarria iruditzen zaigu, baina motz gelditzen da. Baina egungo egoera kontuan hartuta, edozein argi izpi ontzat jotzen dugu, interesgarritzat. Nahikoa ez den arren.

Pitzadura ekar dezake zonifikazioaren harresian?

Hori da kontua. Pitzadura bat agertu dela horma horretan. Lehen erabat itxita zegoen atea pixka bat ireki da, eta guk oina sartu dugu. Erabat ireki ez den arren, ez dugu berriz ixten utziko. Pitzadura bat agertu da, eta espero dugu herritarren presioaren bidez eta erabaki politiko zuzenen bitartez azkenean onartuko dela euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea Nafarroa osoan. Eskubide hori ukatzea, oraindik ere, oso mingarria da.

Orain egin nahi den aldaketak irakaskuntzari eraginen dio.

Guk euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, baina egia da irakaskuntzaren esparruan eragiten dugula, batez ere. Hori da lehen urratsa.

Aldaketa zailago ikusten duzu administrazioaren esparruan?

Bai. Hezkuntzaren esparruak balio izan du beti euskararen gaia bultzatzeko. Kontua da euskaldunak ere sentitu behar duela beharra bere eskubideak aldarrikatzeko, eta euskaraz arta dezaten eskatzeko. Espero dugu euskaraz ikasten duten haurrek gero kontzientzia hori izatea, eta dituzten eskubideak aldarrikatzea.

Euskararen legea aldatzeko aukeraren harira, ikastolen auzia jarri du eskuinak eztabaidaren erdian. Zer deritzozu?

Ikastolek ere hitza dute, eta beren tokia eskatu beharko dute. Ezin da jokatu ikastolak hor egonen ez balira bezala. Egin duten lana hor dago; bai eta eginen dutena ere. Ikastola bakoitzaren barruan ikastola horren etorkizuna erabaki beharko da. Kooperatibak gara, eta kooperatibako kideok dugu erabakitzeko eskubidea. Uste dut ikastolak berriz bultzatzen ahal direla oraingo egoera honetan. Hainbatek dena beltz ikusten dute, baina aldaketak beti dira erronka bat, eta eman dezakete aukera indarberritzeko.

Aldaketa egin eta gero, gobernuak garatu beharko du.

Prozesua luzea izanen da, eta gure lana izanen da gainbegiratzea eta zaintzea. Eragile guztien lana izanen da hori. Aldaketak ikastoletan eta eskola publikoetan izanen du eragina. Ikasleak daude erdian. Administrazioak eskola guztietan eman behar du aukera euskaraz ikasteko. Eta ikastolak ere kontuan hartu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.