Sexu abusuak Eliza katolikoan. Elizaren jokabidea

Atea ireki gabe dago

Abusuen aurkako ildoa gogortzen ari da Eliza, hitzetan. Juan Kruz Mendizabalen kasuak eta beste hainbatek isiltasuna salatu dute, ordea: isilik alderdi politiko eta erakundeak; isilik eliztarrak.

Garikoitz Goikoetxea - Ekhi Erremundegi
2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Biktimak hasi dira pausoak ematen, urteetan isilean gordea eduki dutena kaleratzen. Isiltasuna hausten. Zer jaso dute bueltan, ordea? Isiltasun gehiago. Aita santu Frantzisko sexu abusuei buruz irmo mintzatzen ari da azken hilabeteetan. Besteak beste, orain hilabete gutun bat bidali zien gotzainei; eskatu zien «zero tolerantzia» izateko abusuekin, eta neurriak hartzeko «krimen horiek berriro gerta ez daitezen». Abusuak ezkutatzen dituzten gotzainak postutik kenduko dituztela esan du. Hitzak dira oraingoz.

Ekintzetan isiltasuna dago. Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzaina hedabideen aurrera atera zen hilaren 12an, Juan Kruz Mendizabal apaizaren abusuei buruzko hirugarren lekukotasuna jaso ondoren. Abusu kasuak salatzera dei egin zuen: «Egia ona da guztiontzat». Hurrengo igandean, hilaren 15ean, dei bera egin zuten Gipuzkoako elizetan ere. Munilla gotzainak iragarri zuen bere agendan «lehentasuna» daukatela biktimek. Hori izan da kuriaren erreakzioa. Ordutik, isiltasuna. BERRIAk elkarrizketa eskatu dio Munilla gotzainari. Ez du hitz egin nahi izan.

Isiltasun horrekin kritiko mintzo da Lontxo Oihartzabal. «Fededun bezala, gotzainaren jokabidea salatu nahi nuke; ezin da isilik egon. Erantzukizunak eta sinesgarritasunak horretara eraman beharko gintuzke». Eutsi Berrituz taldeko kidea da Oihartzabal, baina, kasu honetan, era pertsonalean mintzatu da, Eutsi Berrituz taldea bera isilik baitago.

Hala daude Elizako talde asko: isilik, «shockean». Ez dute hitz egin nahi. Mendizabalen abusuen kasuak «mingarriak» izan direla aitortu du Oihartzabalek. «Beste giro bat bizi genuela uste genuen. Baikortasunean bizi ginen, eta une honetan askok etsipena dute. Ez da edozein apaiz: gotzainaren ondorengoa zen, eta oso ezaguna».

Ia urtebete isilean

Munillak isilik eduki du kasua ia urtebetez. Joan den urteko martxoan jaso zuten salaketa, eta uztailean zigortu zuten Mendizabal. Isilik gorde zuten. Gazteek hori eskatu ziotela esan du gotzainak. Ez dago ados Oihartzabal: «Gertatutakoaren berri izan zuenean, bi gazteen anonimotasuna gordez, esan egin behar zuen, eta neurriak hartu. Lehergailua eskuetan zerabilen, eta lehertu egin zaio. Itsumustuan atera da orain».

Mendizabali hiru urterako zigorra jarri zion Elizak; aginte postuak kendu zizkion, eta tratamendu psikologikoa jarri. Meza ematen jarraitu du orain arte. Azken salaketarekin, aukera hori kendu dio Munillak, eta monasterio batera bidali du —azken salaketaren eliz epaiketa egin aurretik hori—. «Antzerkia» dela uste du Oihartzabalek. Lehen bi kasuengatik zigortzean, isilik geratu zirela, eta meza ematen ari zela; eta, orain, kasua jendaurrera atera denean, epaiketa aurretik zigor handiagoa jarri diotela. «Mendizabal ez bada gai apaiz eginkizunerako, ez da kasua ezagun egin delako, baizik eta egin zuena egin zuelako. Gotzainak orain hilabete dezente daki zer egin zuen. Zergatik utzi zitzaion apaiz arrunt bezala segitzen, eta, orain, ezagun egin denean, monasterio batera bidali?».

Beste galdera batzuk ere badira. Mendizabalen aurkako lehen salaketa 1994ko abusu batzuei buruzkoa da; handik bi urtera gazte pastoraltzako buru jarri zuten. Ezer ez zekiten kurian? Jose Maria Setien zen gotzaina. Harekin harremanetan jarri da BERRIA, baina ez du hitz egin nahi. Jose Antonio Pagola bikario izandakoak ere ez.

Bulego bat Baionan

Eliza barruko isiltasuna salatu du hainbat elkartek. Frantzian, bada abusuen biktimak biltzen dituen elkarte bat, Le Parole Libere. Hango kide François Devaux kritiko da. «Erraten digute iraganeko kontuak direla, aldatu dela, baina konturatzen gara ezer ez dela aldatu». Minduta daude. «Sinestunek, boluntarioek, apezek, kardinalek, aita santuak, denek atsekabetu gaituzte. Kasik denei izugarrikeria hutsa iruditzen zaigu pedofilia; dirudienez, Elizan izan ezik. Gai dira errateko ez dela bekatu bat». Gogor mintzatu da: «Eginiko mina ez dute ikusten».

Iaz Frantzia guzian famatu egin zen La Parole Libere taldea. Lyongo Elizbarrutiko Bernard Preynat apezak 1970 eta 1991 artean abusuak egin zizkiela salatu dutenek sortua da, eta Elizako sexu abusuen 137 testigantza dituzte. Salatu dute abusu horien berri bazeukala Philippe Barbarin kardinalak. «Frogatu dugu dena zekiela, eta ez zuela ezer erran, ezer egin».

Lyongo aferak Frantziako Eliza behartu zuen neurriak hartzera: elizbarruti guzietan biktimei laguntzeko bulegoak jarri zituzten. «Salatzera datozenei leku berezitu batean egiten diegu harrera; Elizaren etxe batean, baina diskrezio osoz», azaldu du Baionako bulegoko buruak, Marc Renouxek. Irailean ireki zuten bulegoa, eta hiru salaketa jaso dituzte, denak 1960 eta 1970eko urteetakoak. «Biktimei entzun eta aitorpena egitera» mugatzen dira, beraz.

Gainerako elizbarrutietan ez da halako bulegorik, eta salaketa gutxiago iritsi dira Elizara. Gotzaindegietako datuen arabera, Gipuzkoan Mendizabalen kontrakoak izan dira lehenak. Gasteizko eta Bilboko gotzaindegiek jakinarazi dute elizbarrutian salaketa bana jaso dutela, baina, bi salatuak ordena erlijiosoetakoak direnez, ez dutela eskumenik. Araban, domingotar bat salatu zuten, 1983an adingabe batez abusatu zuelakoan. Gotzaindegiak domingotarrei igorri zien salaketa, eskumenik ez zuela eta; ordena horrekin harremanetan jarrita, azaldu dute delitua iraungita zegoela, eta, gainera, abusuak frogatu gabe daudela. Bizkaiko kasuan, Gaztelueta ikastetxekoa da salaketa, Opus Deiko irakasle baten aurkakoa. Iruñeko Gotzaindegiari informazio bera eskatu zion BERRIAk orain bi aste pasa; ez du deus erantzun. Bada Baionako Elizbarrutia ukitzen duen beste kasu bat ere, Jean François Sarramagnan apezarena; hiru sexu abusu leporatu dizkiote.

Asaldurarik gabe

Renouxek dio jarrera aldatu duela Elizak, baina aitortu du ez dela egoki aritu: «Eliza tronpatu da, eta ez dio gaiari neurria hartu. Argi da». Azalpen hau eman du: «Norbera ez denean pedofilia bezalako prozesu higuingarri batek hunkia, zail da beste batzuk izan litezkeela pentsatzea. Konparazio gordin bat: zuk eta nik emazte eder bat ikusten badugu karrikan, fantasia batzuk baditugu, nahitaez, ezta? Ongi heziak garenez ez dugu ausarkeriarik izanen, baina irudika dezakegu izan genezakeela. Inork emazte eder horrekin ausarkeriak baditu, ez dugu onetsiko, baina ulertu, bai. Era berean, norbera pedofiloa ez denean, zail da irudikatzea elizgizon batzuk izan litezkeela».

Kasu horiek sumin gehiago ez sortzearekin minduta dago Devaux: «Badirudi Frantzian ez dela nehor asaldatzen: ez justizia, ez sinestunak, ez apezak... Zinez harrigarria da gure herriaren jarrera honen aitzinean. Elizaren kontrolpean bizi gara». Isiltasuna ozena izan da Euskal Herrian ere. Mendizabalena «Elizari dagokion prozesua» dela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Salaketei buruzko erreakzioa Ezker Anitzak soilik bidali du; gainerako alderdiak isilik daude. EH Bilduk ekinbide bat abiatu du Eusko Legebiltzarrean, Urkulluren hitzen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.