Ate-joka, baliabide eske

Urte bat bete du hezkuntza premia bereziak dituzten Arabako ikasleen gurasoen plataformak. Murrizketei aurre egiteko jaio zen, baina Jaurlaritzak egin dituela deitoratu du.

Fisioterapian izandako murrizketak salatu dituzte gurasoek. JON URBE / ARP.
Gasteiz
2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Urteak aurrera doaz, eta jokoan dago gure seme-alaben etorkizuna. Gureak eta bi egingo ditugu Arabako ikastetxeetan ikasle guztientzako heziketa egokia lortzeko». Urte bat bete berritan, hezkuntza premia bereziak dituzten Arabako ikasleen gurasoen plataformak salaketa berretsi du: murrizketek bere hartan dirautela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak halakorik ez dela izan adierazi duen arren. Ikasturte berriaren atarian, berriz atera dira kalera, egoerak okerrera egin duela agertzeko.

«Egunero nabaritzen ditugu murrizketak», esan du Miguel Alonso plataformako kideak, mozketak hasi eta urtebetera. «Orain dela bi urte, ikasle batek fisioterapiako hiru ordu zituen, baina gaur ez da bi ordura iristen. Horrek, alde batetik, ikasgelan hain erlaxatuta ez egotea dakarkio, eta, ondorioz, zailagoa egiten zaio arreta mantentzea. Bestetik, ikastetxean espezialista batekin ematen ez dituen orduak ikastetxetik kanpo egin behar ditu, eta horrek gastu ekonomiko handia dakarkio familiari. Urte batetik bestera kostu berri horri aurre egitea zartada handia izan da».

Sei aldarrikapen nagusi ditu plataformak: ikasle guztiek beren beharretara egokitutako heziketa jasotzea; aurrekontua ume kopuruaren arabera egokitzea; profesionalen hitzari lehentasuna ematea; administrazioaren parte hartzea sustatzea; ikasleak ardatz hartzea; eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen matrikulazioaren bilakaeraren berri izatea.

Duela urtebete eskakizun horiek publiko egin ostean aldarrikapen berekin jarraitzen dutela nabarmendu du Alonsok: «Ez da aurrerapausorik izan». Baliabideen kudeaketa da arazo nagusia, plataformakoen iritziz. «Ez dugu diru laguntza gehiagorik nahi. Eskatzen ari gara instituzioek gure seme-alabentzako baliabideetan diru gehiago inbertitzea, besterik ez».

Murrizketak, baztertuta

Plataformak egindako salaketen inguruan, Begoña Garamendi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak erabat baztertu du murrizketa hitza. Haren esanetan, «ikasleen autonomia bultzatzeko eta hobetzeko pausoak nabarmenak» izaten ari dira Hezkuntza Sailean: «Horren adibide da ez dugula murrizketarik egin. Kontu handiarekin eutsi behar diogu gai honi: ikasleak oinarri hartuta eta adituekin hitz egin ostean, ez dugu murrizketarik egitea aurreikusten».

Hezkuntza Sailak emandako datu ofizialen arabera, gaur egun Araban hezkuntza premia bereziak dituzten 263 ikasle daude, espezialistarekin aritzen direnak kontuan hartuta gutxienez. Ikasle horiekin lan egiteko 93 langile daude, egun osoko lanaldiarekin; «aurreko urteetan baino gehiago», zehaztu du Garamendik. Horretaz gain, azken datu ofizialen arabera, lanaldi erdia edo ordu solteak egiten dituztenak ere badaude. Are gehiago, espezialista kopurua igotzea espero du sailburuordeak.

Bestelako ikuspegiak eduki arren, bai Hezkuntza Sailak, bai plataformak ere ezinbestekotzat jo dute elkarlana. Konfrontazioa albo batera utzi behar da, Alonsoren iritziz: «Guk pairatzen dugun egoera azaldu behar diegu, eta gero, espezialistekin batera, mahai batean eseri. Bestela, esaten dizkiguten hitz politak haizeak eramango ditu».

Elkarlana, ezinbestekoa

Iaz ehun bat gurasok osatu zuten taldea, eta urte batean guraso gehiago batu dira plataformara. Baina ezer gutxi egin ahal izan dutela azpimarratu du Alonsok: «Elkarte izateko prozesuan sartuta gaude. Orain, plataforma gisa funtzionatzen dugun heinean, keinuak besterik ezin izan diegu egin instituzioei». Gurasoen artean egoeraren analisia egin ostean, hiru talde sortu dituzte seme-alaben adinaren arabera, errazago funtzionatzeko helburuarekin: 0—6 urte, 6—12 urte eta 12—18 urte. Hala ere, 21 urtetik gorako talde bat ere sortzear da, «adin horretatik aurrera babesa erabat desagertzen delako».

Plataformak indarra hartu ahala, pauso sendoagoak emanez joan dira gurasoak. Irailean, Eusko Legebiltzarrean izan ziren konponbideak eske. Aurreko ikasturtean, bulegoz bulego ibili ziren plataformako kideak, baina aterabiderik ez diete inon eman: «Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailera bidali gintuen, handik Arabako Hezkuntza Ordezkaritzara... Ez dute erantzunik».

Halere, Garamendiren arabera, plataforma elkarte bihurtzeak konponbidea erraztuko du:«Elkarteekin urtean bitan batzen gara, gutxienez». Hezkuntza premia bereziak dituztenen auzia «delikatua» dela onartu du, eta erabaki guztiak ikasleengan pentsatzen hartu behar direla berretsi: «Borondatea badago, ikasle horiek heziketa egokia izan dezaten lortuko dugu, ziur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.