Azken egunotan ugaldu dira ustezko irregulartasunak salatzen dituzten informazio eta adierazpenak, Eusko Jaurlaritzako kardugun ohiak arlo pribatura itzultzeko prozesuetan. Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendik agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Instituzio Batzordean auzi honen inguruko galderei erantzuteko, eta, han, ate birakarien inguruko salaketak ukatzeaz gain, esan du «sorgin ehiza» dagoela abian gai honetan.
Adierazpen horiekin, azken egunotan plazaratutako informazioei erantzun nahi izan die Garamendik. Azken atala izan da Gara egunkariak atzo argitaratutakoa: horren arabera, azken bi urteotan dozena bat kargu publikodun arlo pribatura itzuli da bateragarritasun baimena eskuratu barik. Legearen arabera, kargudun bat arlo publikoko ardura utzi eta enpresa pribatuetara itzultzen denean, baimena eskatu behar dio Langileen Erregistro Zibilari. Horrek aztertu behar du kargudun ohiaren lanbide berria bateragarria ote den arlo publikoan zeukan zereginarekin, eta, hala bada, horretarako baimena ematen dio.
Gara-ren informazioaren arabera, zenbait kargudunek ez dute baimen hori eskatu eta, beraz, eman ere ez diete egin; hala ere, lanean hasi dira alor pribatuan. Horien artean sailburuorde izandako hiru eta zenbait zuzendari ohi daude.
Agerraldian, Garamendik gogorarazi du Langileen Erregistro Zibilari dagokiola bateragarritasunari lotutako gaiak kudeatzea, eta hori «erabateko autonomiaz» egiten duela.
«Erabateko autonomiaz»
Garamendiren azalpenen arabera, Langileen Erregistro Zibilak aztertzen ditu kargu publikodunen eskaerak arlo pribatura pasatzeko, eta ondoren erabakitzen du «espedienteen ebazpen proposamena sailburuari aurkeztuko dion ala ez, sinatzeko». Gogorarazi du horren funtzionamendua arautzen duen legea legebiltzarrak onartu zuela «adostasun handiz».
Edonola ere, Garamendik zehaztu du Langileen Erregistroak ebazpen proposamenik egin ez izanak ez duela esan nahi «tratu iluna» egon denik: «Legeak dio enpresa pribatu batean sartzeko asmoari buruzko zerbait eskatzen ez bazaio edo jakinarazten ez bazaio, enpresa pribatuan sar daitekeela».
Sailburuak esan duenez, ez da egia legeak «debeku orokorra» ezartzen duela ardura publikoa utzi ostean enpresa pribatu batean sartu ahal izateko, edo kargu publikoren bat izan dutenek galarazia dutela hurrengo bi urteetan alor pribatuan aritzea. Horren arabera, debeku bakarra da kargu publikoduna ezin dela sartu aurreko jardunean «zuzeneko harremana» izan duten enpresetan.
Errespetua funtzionarioei
Garamendik «errespetua» eskatu du kargu publikoak bete dituzten pertsonentzat, bai eta bateragarritasunaren inguruko ebazpenak egin behar dituzten funtzionarioentzat ere. Haren ustez, azken egunotako adierazpenekin «susmopean» jarri dituzte.
Halaber, Jaurlaritzaren kontrako «sorgin ehiza» ere salatu du Garamendik. Haren ustez, badago «sistema osoa alde batera utzi eta gobernuari zuzenean erantzukizun politikoak eskatu» nahi dizkionik. Asmo horren atzean «interes orokorrarekin zerikusirik ez duten arrazoiak» badaudela uste du. Jaurlaritzak gardentasunarekin duen konpromisoa goretsi du.
Haren iritziz, horrelako jokabideek «basamortu» bilaka dezakete alor publikoa, horretan aritzea erabakitzen duten pertsonei «epaiketa publikoa» egiten bazaie, eta, gainera, ardura utzi ostean «dagokien eremuan edo sektore pribatuko beste edozein esparrutan lan egitea debekatzen bazaie».
Ate birakarien auzian «sorgin ehiza» salatu du Garamendik
Irregulartasunak egon izana ukatu du agerraldi batean. Honen atzean «interes orokorrarekin zerikusirik ez duten arrazoiak» daudela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu