Ate bat ireki, eta beste bat itxi

Barrundian Eskola Txikia irekiko dute. Haur hezkuntzan aurrematrikulatutako hamabost umeak onartu dituzte. Gurasoak kexu dira lehen hezkuntzako seiak kanpoan utzi dituztelako

Kilimak-ekoek lehengo astean hezkuntza delegazioan, Gasteizen, egindako elkarretaratzea. KILIMAK GURASO TALDEA.
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Barrundiak (Araba) eskola bat edukiko du 2020-2021eko ikasturtetik aurrera. Azken bi urteotan guraso talde batek eta lautadako herriko udal gobernuak mamitutako Eskola Txikia proiektua gauzatzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, eta Kilimak guraso elkarteari jakinarazi dio haur hezkuntzan aurrematrikulatutako hamabost umeak onartu dituela. Baina lehen hezkuntzan izena emanda zeuden seiak kanpoan utzi ditu. Kilimak-ek ohar baten bidez salatu duenez, Hezkuntza Sailak ez du erabakia «justifikatu».

Ozetan —hamahiru udalerri ditu Barrundiak— egongo da Eskola Txikia, eta, horretarako, Ekinbide eraikina zaharberritzekoak dira. Udalak eta gurasoek bi gela edukiko zituela aurreikusten zuten: bat haur hezkuntzarako, eta bestea lehen hezkuntzarako. Udalak Hezkuntza Sailarekin izan dituen «komunikazio ez-ofizialetatik» dakitena aintzat hartuz, Kilimak-ek ondorioztatu du haur hezkuntzako «ume kopuruarengatik» ez dituztela onartu lehen hezkuntzakoak.

Guraso elkartearen ustez, Hezkuntza Sailaren 21/2009 dekretuaren «interpretazio bat» egin dute agintariek. «Horren arabera, lau adinetako umeak daudenean, gela bakarrean hamabi egon daitezke gehienez», azaldu du Alazne Granado Kilimak-ekoak. Hamabost daude aurrematrikulatuta; beraz, bi gela beharko lirateke.

Hezkuntza Saileko iturriek BERRIAri esan diotenez, udalaren proiektuak «bi espazio» jasotzen zituen eraikinean. «Ikastetxe berria sortzeko dekretua horren arabera egin da». Jaurlaritzak nabarmendu du hamabost haur aurrematrikulatu direla haur hezkuntzan. «Erabaki da bi espazioak beteta daudela ume horiekin. Gainera, adin desberdinetakoak badaude, dekretuak mugatu egiten du zenbat ikasle egon daitezkeen gela bakoitzean».

Irtenbide proposamena

Udalak eta gurasoek irtenbide bat proposatu dute: eskolaren eraikinean aurreikusitako gela handiena, 64 metro koadrokoa, «araudia betez» bi gelatan banatzea, «lehen hezkuntzarako hirugarren gela bat gera dadin».Beste irtenbide batez ere mintzo da Granado: «Arrazoia ikasle ratioa bada —izan ere, ofizialki ez digute jakinarazi zen den—, haur hezkuntzako batzuen gurasoak beren matrikulazioak sakrifikatzeko prest daude».

Igor Medina alkateak Hezkuntza Sailaren gutun bat jaso zuen maiatzaren 29an, eta horretan zera zehazten da: «Pixkanaka, hurrengo ikasturteetan eskaintza handituz joango da lehen hezkuntzako zikloko hurrengo mailetara». Horri erreparatuta, eta kontuan hartuta 2021-2022ko ikasturtean sei ume igaroko direla lehen hezkuntzara, Granadori «ulertezina» iruditzen zaio 2020-2021erako aurrematrikulatuta dauden seiei tokirik ez egiteko erabakia. Hezkuntzako iturriek adierazi dute udalak «datorren urteari» begira proiektua «dimentsionatu» beharko duela, «herriaren dimentsioaren arabera edo beharren arabera».

Eraikinean hiru gela egiteko «eskaera ofiziala» egin du udalak, alkatearen esanetan. Medina «nekatuta» dago Hezkuntza Sailaren jarrerarekin. «Haien atzetik ibili behar izan dut. Ez dira batere formalak izan». Pentsatzen du «borondate kontua» dela lehen hezkuntzakoei ere lekua egitea. «Beste herri batzuetan eskola txikiak ireki dituztenean, borondatea egon delako ireki dituzte. Hemen, udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, onartu zuten proiektua, aho batez. Hezkuntzak berak baremazio bat egin ahal izango luke borondatea balu».

Beren «proposamenei erantzun bat eman arte», Kilimak-eko kideek «astero» elkarretaratzeak egitenjarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.