Justiziaren aginduz, Atarrabiako Udalak (Nafarroa) Euskal Herriko armarria ezabatu behar izan du herriko frontoitik. Joan den martxoan hala ebatzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietako epaitegiak, eta, udalak erabakiari errekurtsoa jar ziezaiokeen arren, Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak ikurra kentzera «behartu» dituztela adierazi dio Diario de Noticias egunkariari. Zazpiak Bat ikurrean ohikoak diren sei lurraldeetako armarriak ageri ziren, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia armarri berean bildurik baitaude.
Armarria ez dute guztiz ezabatu; izan ere, Nafarroako armarria bere horretan uztea erabaki dute, eta gainontzeko bostak zuriz margotzea, «mundu denak ikus dezan ez dagoen zerbaitek egon beharko lukeela» hutsune horietan. Horrez gain, «Euskal Herria» irakur zezakeen armarrian; orain, berriz, «Euskal Pilota» hitzekin ordezkatu dute. «Espero dugu inor ez mintzea idazkun berriarekin, ezta inork salatzea ere», erantsi du Oteizak.
Epaitegiak argudiatu zuen ikur hori paratzeak berekin dakarrela «posizio politiko jakin baten aldera lerratzea» eta, hortaz, botere publikoek bete beharreko «neutraltasun politikoa» urratzea. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Atarrabiako Udalak 2023ko iraileko sententzia baten aurka jarritako helegitea. Sententzia horretan ere, Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. Epaitegiak legez kontrakotzat jo zuen herriko frontoian Euskal Herriko armarria paratzea.
Jatorria, UPNren salaketa
UPNk jarri zuen salaketa hura, herriko udalak armarria berriz pintatzea erabaki zuenean. Aldi hartan, UPNk argudiatu zuen botere publikoen neutraltasun politikorako eta interes orokorrak «objektibotasunez zerbitzatzeko betebeharra» urratzen zuela armarriak.
Alderantziz, epai haren aurkako errekurtsoan, Atarrabiako Udalak argudiatu zuen Euskal Herria hitzaren eta zazpi lurraldeen armarrien erabilerak ez duela zertan urratu neutraltasun politikoa, eta hainbatetan erabili dela, besteak beste kirolaren alorrean.
Hala ere, lehen epai hartan eta martxokoan, epaileek ez zuten ontzat eman argudioa: «Atarrabiako Udalak aurkeztutako dokumentazioan ez zaio aipamenik egiten egungo garai konstituzionalari, eta ikerketa aurreko garai historikoetan kokatu zen, batez ere XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan».
Prentsa oharraren arabera, auzitegiak zeregin bakarra zuen: aztertzea ea udalak urratu al duen administrazio publikoek legez gorde beharreko neutraltasuna, edo armarria apaingarri bat baino ez ote den eta ondorioz ideologikoki neutroa.
Auzitegiaren argudioak
Horretarako gogoeta politikoz jantzi zuen ebazpena auzitegiak: magistratuen arabera, Euskal Herriko armarria «ikur neutroa» izan badaiteke ere, «ezin uka daiteke ekinaldi politiko nabarmen bat dagoela, zeinak helburutzat baitu Nafarroa integratzea Euskal Autonomia Erkidegoan».
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ustez, «zilegi» da «gaur egun existitzen ez den errealitate juridiko-politiko bat sortu nahi izatea zazpi probintzia horiekin», baina erakunde publiko batek ezin du ikurra erabili: «Euskal Herria izenak eta armarriak frontoian egiten den kirol jarduerarekin lotura duela esan arren, ikurrak badu alde alderdikoi bat —edo, behintzat, bada erabilera alderdikoia egiteko aukera—, eta horri ezin zaio ez ikusi egin».
«Armarriak, ikur bat den heinean, mezu bisual bat igortzen dio hartzaileari. Mezu bisual horrek esanahi ugari ditu, eta horietako batzuk, egungo egoera juridiko, politiko, administratibo eta sozialean, ez dira apaingarri soilak, edo ez dituzte soilik errealitate historiko edo kultural hutsak irudikatzen», gehitu zuen auzitegiak ebazpenean.
Gaineratu zuenez, zazpi lurraldeak batzen dituen ikurra erabiltzearen helburua da ikuslea «konbentzitzea eta proselitismoa egitea». «Aintzat hartu beharreko kontua da hori», dio ebazpenak. Azkenik, ondorioztatu zuen ezen, frontoia «herritar guztiena» denez, 2023ko epaia berretsi behar zela.