Atarrabiako Udala behartu egingo dute herriko frontoian dagoen Euskal Herriko armarria kentzera

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, zazpi herrialdeak irudikatzen dituen armarria jartzea «posizio politiko jakin baten alde lerratzea» da.

(ID_17096328507395) (/EZEZAGUNA) Euskal Herriko armarria Atarrabiako frontoian
Atarrabiako frontoian dagoen armarria. BERRIA
Ion Orzaiz.
2024ko martxoaren 5a
12:00
Entzun

Atarrabiako Udalak Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoitik.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietako epaitegiak eman du ebazpena. Epaian argudiatu du ikur hori paratzeak berekin dakarrela «posizio politiko jakin baten aldera lerratzea» eta, hortaz, botere publikoek bete beharreko «neutraltasun politikoa» urratzea. Epaia ez da behin betikoa. Udalak errekurtsoa jar dezake, baina Auzitegi Nagusira jo beharko du.

Ebazpen honen bidez, Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota du Atarrabiako Udalak 2023ko iraileko sententzia baten aurka jarritako helegitea. Sententzia horretan ere, Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. Epaitegiak legez kontrakotzat jo zuen herriko frontoian Euskal Herriko armarria paratzea.

Jatorria, UPNren salaketa

UPNk jarri zuen salaketa hura, herriko udalak armarria berriz pintatzea erabaki zuenean. Armarrian, Zazpiak Bat ikurrean ohikoak diren sei lurraldeetako armarriak ageri dira —Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia armarri berean bildurik baitaude—, eta behean Euskal Herria adiera ageri zen. Aldi hartan, UPNk argudiatu zuen botere publikoen neutraltasun politikorako eta interes orokorrak «objektibotasunez zerbitzatzeko betebeharra» urratzen zuela armarriak.

Alderantziz, epai haren aurkako errekurtsoan, Atarrabiako Udalak argudiatu zuen Euskal Herria hitzaren eta zazpi lurraldeen armarrien erabilerak ez duela zertan urratu neutraltasun politikoa, eta hainbatetan erabili dela, besteak beste kirolaren alorrean.

Hala ere, lehen epai hartan eta oraingo honetan, epaileek ez dute ontzat eman argudioa: «Atarrabiako Udalak aurkeztutako dokumentazioan ez zaio aipamenik egiten egungo garai konstituzionalari, eta ikerketa aurreko garai historikoetan kokatu zen, batez ere XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan».

Prentsa oharraren arabera, auzitegiak zeregin bakarra zuen: aztertzea ea udalak urratu al duen administrazio publikoek legez gorde beharreko neutraltasuna, edo armarria apaingarri bat baino ez ote den eta ondorioz ideologikoki neutroa.

Auzitegiaren argudioak

Horretarako gogoeta politikoz jantzi du ebazpena auzitegiak: magistratuen arabera, Euskal Herriko armarria «ikur neutroa» izan badaiteke ere, «ezin uka daiteke ekinaldi politiko nabarmen bat dagoela, zeinak helburutzat baitu Nafarroa integratzea Euskal Autonomia Erkidegoan».

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ustez, «zilegi» da «gaur egun existitzen ez den errealitate juridiko-politiko bat sortu nahi izatea zazpi probintzia horiekin», baina erakunde publiko batek ezin du ikurra erabili: «Euskal Herria izenak eta armarriak frontoian egiten den kirol jarduerarekin lotura duela esan arren, ikurrak badu alde alderdikoi bat —edo, behintzat, bada erabilera alderdikoia egiteko aukera—, eta horri ezin zaio ez ikusi egin».

«Armarriak, ikur bat den heinean, mezu bisual bat igortzen dio hartzaileari. Mezu bisual horrek esanahi ugari ditu, eta horietako batzuk, egungo egoera juridiko, politiko, administratibo eta sozialean, ez dira apaingarri soilak, edo ez dituzte soilik errealitate historiko edo kultural hutsak irudikatzen», gehitu du auzitegiak ebazpenean.

Gaineratu duenez, zazpi lurraldeak batzen dituen ikurra erabiltzearen helburua da ikuslea «konbentzitzea eta proselitismoa egitea». «Aintzat hartu beharreko kontua da hori», dio ebazpenak. Azkenik, ondorioztatu du ezen, frontoia «herritar guztiena» denez, 2023ko epaia berretsi behar dela.

Alkatearen adierazpenak

Euskalerria Irratian egindako adierazpen batzuetan, Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak «tristeziaz» hartu du albistea. «Zoritxarrez, ez gaitu zur eta lur harrapatu». Oteizaren arabera, armarria jarri zen euskal pilota egiten delako frontoian: «Hor egiten diren ekintzen euskalduntasuna aldarrikatzen dugu. Ikur hori oso modu naturalean erabiltzen da EAEn zein Ipar Euskal Herrian», aipatu du.

Gogora ekarri du ikurrinarekin antzera gertatu zela. 1977an, erreferendum bidez bizilagun gehienek onartu zuten ikurrina paratzea udaletxeko balkoian, baina 2003an epai batek kentzera behartu zuen. Orain, gainera, erreferendum horri erreferentzia egiten dion plaka bat ere kentzea agindu dute epaileek. «Euskalduntasunaren erreferentzia oro kendu nahi da modu basatian», esan du irratian.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.