Udal eta foru hauteskundeak. Analisiak. Begiradak

Atariko proba esanguratsua

Xabier Aierdi.
2011ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Atzo bertan Eider Alkortak galdetzen zuen ea udal hauteskundeen aurrean geunden ala ez. Berarekin bat nator: hauteskunde hauek beste batzuen atariko proba direla dirudite, eta dira. Gurean, arrazoia nabaria da, aspaldian falta zen pieza bat, Bildu, presente egongo da eta. Oraingoan, aurrekoan nioen moduan, dagokion botere kuota zalantza barik erabiltzeko. Zorionez, parametroak aldatu egin dira eta igandean bakoitzaren presentzia-azterketa burutuko da.

Nolanahi ere, erreferentzi markoa zabaldu den arren, astelehenean berriro udal (eta foru) gobernuak osatzeko bozak izan direla ikusiko da. Gainera, eskuratuko duten boterea ez da nolanahikoa izango azpisistema abertzalean, zeren EAJ eta Bilduk etorkizunean jokatu beharko duten xake partidarako piezak pilatuko baitituzte. Bi alderdiok, kopuruaren ikuspuntutik, udalerri gehienak bananduko dituzte EAEn, eta barne bilkuretan sakonki neurtuko hala norberaren nola bestearen espazio sozio-elektoral eta geografikoak. Kaltetuak, noski, alderdi txikiagoak: Aralar, EB eta H1! Nafarroan gertatzen dena ere erabakigarria izango da, lurralde honetan gogor (era suizidan?) jokatu baita eta aurrerantzean datuen araberako estrategiak (abertzaleago ala euskaltzaleago?) matizatu beharko dira. Beraz, abertzaletasunak, duen indarra eta beronen banaketa du jokoan.

Bestalde, Bilduren presentziarekin azpisistema espainiarzaleari egoera trakestu egin zaio: tarta bererako, jatun gehiago. Salbuespen egoeratik abiatuta, euskal jaurlaritzarako hitzarmena ez zaie zaila izan, biktima izanik pairatzen duten sufrimenduan oinarrituta, berez autolegitimatzen zuten elkarlana eratu dute gure erkidegoan, eta ituna misio historiko gisa bataitu da Espainian. Zapateroren eta PSOEren gainbeherak PSEn eragin dezakeen kaltea zenbatekoa den aurreikusi eta zehaztea oso zaila da, baina zailagoa izango da igandetik aurrera bien arteko itunaren iraupena. Euts diezaiokete beste erremediorik ez dutelako, edo PSEk beste erremediorik ez duelako. Printzipioz, leialtasun beste maltzurkeriaz, hitzarmena ez dutela apurtuko aurreratu du Basagoitik. Astelehenean, seguruenik, egoera ahulagoan egongo da PSE, ezker abertzalearen legalizaziorako zuen agenda propioa Madrilen zapuztu diotelako eta lan ondo egin bat aurkeztu ezin duelako eta, egin badu ere, krisiak kontrarrestatuko diolako.

Adiskide batek dioen moduan, aurreikuspenak oso errazak dira, eta batez ere iraganekoak. Profeta lanetan arituta, momentuz atariko proban gaude, bidea luzea da, baina errekonposizio fasean sartuko da abertzaletasuna; zorua ziurtatzekoan, PP; eta PSEk espazio berri bat bilatu beharko duen ustea dut, eta horretarako ez dio balio izango Gobernuan egoteak.

Nolanahi ere, agian hauteskunde ziklo oso bat beharko dugu, 2015eko udal hauteskundeak egin arte, igandean aterako diren emaitzen ur nahasiak baretu eta garbitu daitezen. Fase honetan, alderdi nagusien artean, badirudi hiru aktorek euren tokia badutela: PP, EAJ eta Bildu-Sortuk. Definitzear dago PSErena. Honek guztiak ez du zerikusirik lauren artean egin ditzaketen mugimendu taktikoekin. Haratago doa PSErentzat, izaera berri bat asmatu behar du, mutatu egin behar du: hau da, rol berri bat aurkitu behar du Espainian, eta batez ere Erkidegoan. Ezker orokorraren krisiari propioki duena gainezartzen badiogu, lan handia du. Epe ertain-luzean, bai EAJn bai Sortun, bakarka edo elkarrekin, basamortuko ibilbide honetarako bidaide egokiak bila ditzake. Eremu abertzalean, errekonposizioak, alde batetik, etorkizuneko ezker abertzaleak hartuko duen formari eta barnehartuko dituen osakinei afektatuko dio eta, bestetik, Nafarroan lankidetza motak asmatzeari ekin beharko dio. Baina, momentuz, atariko proba baino ez, baina oso esanguratsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.