Atalburuak lehiaketa bidez hautatuko dira

Haranbururen izendapena bertan behera uztea «akatsa» dela dio Geroa Baik.Lau indarrek proposatu dute hizkuntza eskolen buruzagitzaren lehiaketa berehala egitea

Jose Luis Mendoza eta Uxue Barkos, atzo, jarraipen batzordearen bilerara sartzerakoan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ekaitza baretu da. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak duela astebete atzera bota zuen Hizkuntza Eskolen eta Egiaztapenen bulegoko buru izateko Imanol Haranbururen izendapena. Erabakiak hautsak harrotu zituen aldaketaren aldeko lau indarren artean, eta akordio programatikoaren jarraipen batzordea berehala biltzeko exijitu zuen EH Bilduk. Atzo batzartu ziren Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra, eta hemendik aurrera atalburuen izendapenak merituzko lehiaketa bidez egitea hitzartu zuten. Proposamena gobernuari helaraziko diote, eta onartuz gero, hizkuntza eskolen buruzagitza izango da premiazko lehen deialdia. Haranburuk aurkezteko aukera izango du.

Bilerak bi ordu inguru iraun zuen. Kanpoan, ikusmin handia zen kazetarien artean. Tirabirak ez du gobernu krisi baten tamainarik izan, baina lau alderdien eta gobernuaren arteko konfiantzan lehen pitzadurak agertzeko arriskua zegoen. Uxue Barkos izan zen bileratik lehena ateratzen, baina nahiago izan zuen adierazpenik ez egin. Jarraian Jose Luis Mendoza atera zen, protagonista nagusietako bat. Iragan ostiralean Haranbururen izendapena aldizkari ofizialean atera ondotik, UPNk salatu zuen «ETAko kide ohi bat» jarri zuela karguan eta «terrorismoaren biktimekiko sentsibilitaterik eza» erakutsi zuela gobernuak. Handik gutxira izendapena atzera bota zuen.

Egunotan erabilitako azalpen berberak eman zituen kazetarien aurrean Mendozak. Haren esanetan, Haranbururen prestakuntza ez dago zalantzan jartzerik, erabat gai delako karguari heltzeko, baina gobernuan konfiantza galera ekarri zuen bere ibilbide pertsonala ezagutzeak: «Departamentuan gaude berriak ateratzeko, eta ez berria izateko. Kontuan hartuta zer gizartetan gauden, ez zen egokia izendapena, ez merituagatik baizik eta aparteko arrazoiengatik, bere ibilbide pertsonalagatik». Haranburu eztabaida politikotik atera eta haren intimitatea errespetatzeko eskatu zien komunikabideei Mendozak.

Azalpenak entzunda, handik ordu erdira irten ziren bileratik alderdietako eledunak, akordioa besapean zutela. Geroa Baiko Koldo Martinezek ere konfiantza galera bati egotzi zion gertatutakoa: «Argi utzi nahi dut ez dagoela ez sorgin ehizarik ez garbiketarik administrazio publikoaren karguetan». Haren esanetan, «pertsona baten ezezagutzak» eragin zuen Haranbururen izendapena, eta ondoren erabakia atzera bota. «Ez da kargugabetze bat, eta erabakia atzera botata gobernuak onartu du akatsa egin zuela».

Kritika zorrotza gobernuari

EH Bilduko Adolfo Araizen esanetan, «oso kritika zorrotza» egin diote gobernuari. «Pentsatzen dugu eskubide batzuen urraketa izan dela. Ezin da planteatu pertsona bat kartzelan egon delako ezin duela kargurik izan». Nahiz eta Mendozak adierazi konfiantza galera bat egon dela, Araizek uste du erabakia hartzerakoan irakurketa politiko bat egin duela gobernuak. Gertatutakoaren inguruan «talka» egon da bi aldeen artean, baina irtenbide bat bilatu dute lau alderdiek korapiloa askatzeko.

Aurreko gobernuetan, UPNk joera zuen, goi kargudunez gain, atalburuak eta zerbitzuburuak lehiaketarik egin gabe hautatzeko, nahiz eta legeak hala behartu. 1984ko Funtzio Publikoko Estatutuaren arabera, izendapen librekoak ez diren karguetan gehienez urtebetez behin-behineko izendapen bat egon liteke,lehiaketa antolatu arte. Alta, UPNk irizpide hori saihestu eta maiz nahieran erabili du. Orain, polemika baliatu dute lau alderdiek atalburuen eta zerbitzuburuen izendapenetan merituzko lehiaketara itzultzeko, sindikatuek aldarrikatu bezala. Araizek ohartarazi du gobernuak proposamena onartu ezean EH Bilduk Mendoza kontseilariaren gaineko konfiantza galduko duela.

Dena den, pozik agertu da azken emaitzarekin: «UPN saiatu da gobernu honen eta lau alderdien arteko pitzadura eragiten eta konfiantza apurtzen; aldiz, funtzio publikoa atera da indartuta».

Ahal Dugu-ko Laura Perezen esanetan, jatorrizko arazoa da UPNk legea «gehiegikeriaz» erabili duela eta «izendapen politikoak nahieran» egin dituela. Ahal Dugu-k lehiaketaren sistema goi kargudunetan ere erabiltzea proposatu du. Ezkerrako Jose Miguel Nuin pozik agertu da emaitzarekin.

LABek ohar bidez Jose Luis Mendozari eskatu dio okerra onartzeko: «Haranbururi eragindako kaltea aitortu eta konpontzeko gai ez bazara, administrazio demokratiko baten funtzionamendua barneratzeko gai ez bazara, egin dezakezun onena dimisioa aurkeztea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.