Espainiako Gobernuak Herri Batasuneko kideei bonba gutunak bidali zizkiela azaleratu du dokumentu batek. ABC egunkariak zabaldu du esklusiba: PSOEko Antoni Asuncion Espainiako Barne ministro ohiak CESID Espainiako inteligentzia zerbitzuko egoitzan 1994an egindako bilkura egun batean egin zuen aitorpena. Asuncion 2016an zendu zen.
1994ko abenduaren 22a zen. Zazpi hilabete ziren kargua utzi zuela, eta CESIDeko orduko zuzendari Emilio Alonso Manglanorekin joan zen bazkaltzera, harreman estua baitzuten. Manglano 1995era arte izan zen kargu horretan. Bi ordu baino gehiago izan ziren solasean bazkalorduan; hizketaldia grabatua izan zen, baita transkribatua ere. Dokumentu hori da ABC-k eskuratu eta orain argia ikusi duena.
–Corcuerak baditu gauza batzuk, nik dakidala, hil zen postari hura, bonbak eztanda egin ziona—, adierazi zion ministro ohiak espioien buruari.
–Hori jende gutxik daki, ezta?—, galdetu zion Manglanok.
—Jende gutxik. Talde horrek maila horietan egiten zuen ongi lan—, azaldu zuen Asuncionek.
1989an Errenteriako (Gipuzkoa) Juan de Olazabal kalean gertatuko hilketa dute hizpide Asuncionek eta Manglanok. Jose Antonio Cardosa 22 urteko postaria Ildefonso Salazar HBko kidearen buzoian gutun bat uztekoa zen, irailaren 20an. Postariak gutuna tolesterakoan, detonagailua aktibatu eta lehertu egin zen gutuna, eta eztandak bete-betean harrapatu zuen Cardosa. Bertan hil zen. Birrinduta geratu zen Salazarren etxe ataria. Jose Luis Corcuera zen Barne ministroa orduko hartan. Asuncionek 1994an esandako beste mezu batzuek berretsi egiten dute gutun hori Espainiako Gobernuak bidalia zela.
–Gutun horiek haiek bidalitakoak ziren. Postariak tolestu egin zuen paketea, eta, buzoian sartutakoan, eztanda egin, eta hil egin zen—, adierazi zuen Asuncionek Errenterian gertatutakoaz.
Aljerko prozesua bertan behera geratu berritan gertatu zen Errenteriakoa. ETAk bonba-pakete bidezko kanpaina bat abian jarri zuen, eta horiei modu berean erantzun nahi izan zien Espainiako Gobernuak, Asuncionen arabera. Manglanorekin izandako solasaldian, honela dio CESIDeko zuzendari ohiak erasoaren egiletzari buruz:
–Kontua da ez ikusiarena egin behar duzula, eta, nahiz eta kontzientzia astindu, estatua eta instituzioak defendatu behar dituzula, baina... arraioa!
Corcueraren ukoa
Espainiako Barne Ministerioak, 1999ko legea baliatuz, terrorismoaren biktima gisa aitortua du Jose Antonio Cardosa. Dena dela, inoiz ez da ofizialki argitu nork hil zuen. Duela zazpi urte, erreportaje bat argitaratu zuen BERRIA-k, Cardosaren hilketaren eta Barne Ministerioaren arteko loturak agerian uzten zituena.
ABC-k galdetuta, Corcuerak ukatu egin zuen atzo, berriz ere, bonba-paketeen bidalketaren inguruan ezer dakienik: «Ez dut zerikusirik gisa horretako kontuekin». Barne Ministro ohiak ziurtatu zuen «inondik ere» ez dakiela ezer horren inguruan, eta, aitzitik, gutunak bidaltzen zituena ETA zela nabarmendu zuen. Harekin lotu zuen Cardosaren hilketa: «Gogoan dut leherketa bat jasan zuen postari bat, baina hori eragin zuen gutuna ETAk bidalitako beste hainbaten modukoa izan zen».
Bada Euskal Herritik kanpo harrituko denik, baina hau ez zen kasu isolatu bat izan. Gure herrian bizitako historiaren zati batek ezkutuan jarraitzen du hamarkadetako inpunitate eta isiltasunaren ondorioz.
— Mertxe Aizpurua (@MertxeAizpurua) October 5, 2021
Zauri irekiak. Lehenbailehen erreparatu beharrekoak. Guztiak. https://t.co/EfXCCrUSYF
EH Bilduk iragarri du azalpenak eskatu dizkiela Kongresuan Corcuerari eta Fernando Grande-Marlaska gaur egungo Espainiako Barne ministroari. EH Bilduk salatu du kasu honek agerian uzten duela indarkeria desberdinen biktimei ematen zaien tratuan dagoen desberdintasuna, "kasu horien biktimek ez dutelako jaso beharrezko egia, justizia eta erreparaziorik". "Zer argibide izan dezakete biktimek atentatua nork egin zuen ere ez dakitenean, eta are gutxiago nortzuk izan ziren egileak? Eta orain badakigu PSOEren gobernua dagoela atentatu horien atzean".
Cardosa hil zuen leherketa izan eta ordu gutxira, agerraldia egin zuten, Ildefonsorekin batera, Iñaki Esnaola eta Tasio Erkizia HBko buruzagiek. Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere egin zuen erantzule azken horrek, Ardanzak HB eta ETA «gauza berbera» zirela esan zuelako. Espainiako Estatuaren Gerra Zikineko ekintzatzat jo zuten gertatutakoa, eta Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidenteak egun gutxi lehenago egindako hitzetan ere oinarritu ziren hori ziurtatzeko. ETAren kontra «beste era bateko ekintzak» egiten hasi beharraz mintzatu zen Gonzalez.
Gainera, HBko kideek nabarmendu zuten hildako postaria ezker abertzaleko kidea zela, intsumisoa izandakoa eta mugimendu antimilitaristan ibilitakoa, eta gertukoa zuela Ildefonso. Haren hiletan ere izan ziren ezker abertzaleko kide asko.
Roldanek esandakoen berrespena
Errenteriako leherketa 17/95 sumarioaren barruan sartu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak. Oñaederrasumarioa deitu zitzaion, Ramon Oñaederra Kattu ETAko kidearen hilketa argitzeko jarri zelako abian, nahiz eta beste hainbat sumariorekin nahastu zen.
Sumario horretan, Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohiak egindako deklarazioan ere atera zen argitara Cardosaren auzia. BERRIAk eskuratu ahal izan zituen Roldanek epailearen aurrean esandakoak, eta, horietan, Roldanek azaldu zuen 1989ko udan bilera izan zutela Espainiako Barne Ministerioan terrorismoaren kontrako koordinazio taldekoek. Bilera horren ostean, Rafael Vera Segurtasuneko estatu idazkariak, Roldanek eta Corcuerak beste bilera bat egin zuten azken horren bulegoan, eta, Roldanen arabera, Verak azaldu zion ETAri «erantzun sendo bat» ematea pentsatu zutela: «Bonba-paketeen sorta bat prestatu eta Herri Batasunako kide jakin batzuei bidaltzea, haiek izutzeko».
Errenteriako leherketaren berri izan eta ordu gutxira, Veraren dei bat jaso ei zuen Roldanek, «berehala» Barne Ministeriora joateko eskatuz, harekin eta Corcuerarekin biltzera. Bilera horretan, «bonba-paketea HBko morroi batentzat zela eta ministerioaren gai bat zela» esan zioten Roldani, hark deklaratu zuenaren arabera.
Salazarren etxe atarian lehertu zenaz gain, pakete gehiago zeudela ere jakinarazi zioten Roldani; beste bi, zehazki. Horiek lehertu ez zitezen «ahalegin guztiak» egin behar zirela esan zioten, eta abisua pasea ziotela Goñi Tirapu orduko gobernadoreari, hark Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralari bonbak utzitako lekuetatik hartzeko enkargua eman ziezaion.
Azkenean, Roldanek adierazi zuen bi pakete horiek ez zirela lehertu. Donostiako postetxean topatu zuten bata, eta Azpeitikoan edo Azkoitikoan bestea —esan zuenez zekiela ziur bietako zeinetan—. Horren berri emateko, Galindok dei egin zien Corcuerari eta Verari, haren esanetan, eta gogora ekarri zuen Corcuerak jakitean hartu zuen lasaitua: «Esan zidan bere bizitzako gaurik txarrena pasatu zuela».
Iñigo Iruinen izena
Barne Ministerioak jomugan zituen HBko kideetako baten identitatea ere ezagutarazi zuen Roldanek. Galindok esan omen zion Iñigo Iruin abokatuari bidali zitzaiola bi bonbetako bat. Bestea zein zen ez zion zehaztu Galindok, esanez ez zuela gogoratzen.
17/95 sumarioaren ikerketaren barruan, Garzon harremanetan jarri zen Donostiako, Azkoitiko eta Azpeitiko postetxeekin, jakiteko ea han Guardia Zibilak jaso zuen bonba paketerik. Ikerketa haren emaitzak eskuratu ahal izan zituen BERRIAk. Donostiako postetxeko zuzendariak Garzoni erantzun zion artxiboetan ez zuela topatu halakorik adierazten zuen ezer. Azpeitiko postetxeko nagusiak, ordea, jakinarazi zion komunikazioen erregistroan ageri zela bonba-pakete bati buruzko erreferentzia.
Komunikazio hori egin zuenari deklarazioa hartu zion Garzonek, handik bi urtera. Postetxeko buruak azaldu zion Guardia Zibila postetxera joan zela 1989ko irailaren 21ean, Udaltzainak emandako abisu baten ostean. Iristerako han omen zegoen Guardia Zibila. Atea zabaltzeko agindu ziotela esan zuen, eta, ondoren, bulegoan zeuden lau edo sei zakuak zabaltzeko. Postariak uko egin zion, bonbaren bat egon zitekeen beldurrez, eta haren lankideetako batek zabaldu zituen zakuak. Postetxeko buruak esan zuen bi ordu inguruz izan zirela agenteak bulegoan, eta amaitutakoan ez zietela inongo argibiderik eman.