euskara

Asun Garikano euskaltzain oso izendatu dute

Euskaltzaindiak gehiengo osoz hautatu du irakasle, itzultzaile eta idazle tolosarra, Nafarroako Parlamentuan eginiko osoko bilkuran

jarraia233404.jpg
2023ko irailaren 29a
19:33
Entzun

Asun Garikano irakasle, itzultzaile eta idazlea euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak, gaur Nafarroako Parlamentuan egin duen osoko bilkuran. Patxi Goenaga euskaltzain emeritu izendatzeak eragindako hutsunea beteko du Garikanok, akademiak gehiengo osoz erabakita.

Uztailean amaitu zen epea hautagaiak aurkezteko, eta Garikano izan zen euskaltzainek aurkeztutako bakarra, uztailaren 21ean eginiko bilkuran. Hemendik zortzi hilabetera hartuko du kargua euskaltzain berriak, horretarako propio eginen duten harrera ekitaldian.

Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) Euskal Filologian lizentziaduna da. Gasteizko Iraleko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izan zen. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea da: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten abian jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.