Astelehen Lilak elkarteak deituta, Nagore Laffage oroitzeko elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka herritarrek Iruñeko Vinculo plazan, haren hilketaren 13. urteurrenaren harira. Nagore, zure oroimenez eta Ez zaitugu ahazten leloak zituzten pankartekin, 2008ko sanferminetan gertatutako hilketa matxista ekarri zuten gogora Murchanteko erailketaren goiz berean. Asun Casasola, Laffagen ama, elkarretaratzean izan zen, eta hedabideei eginiko adierazpenetan penatuta agertu zen, hamahiru urte geroago indarkeria matxistak bizirik jarraitzen duelako gizartean: «Urteekin honek ez du hobera egiten».
Laffage 2008ko uztailaren 7an hil zuen Diego Yllanesek, jai giroan, gizonaren etxera joan eta Laffagek harekin sexu harremanak izateari uko egin ziolako. Hilketak atsekabe handia sortu zuen gizartean, eta Yllanesen aurkako epaiketak ere zeresan handia eman zuen ostera. Izan ere, herri epaimahai batek ebatzi zuen gizonak premeditaziorik gabe jokatu zuela eta, giza hilketa leporatuta, hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri zitzaion. Laffageren familiak, ordea, delitua erailketa gisa har zezatela eskatu zuen, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen aintzat hartu helegitea. Hala, Yllanes baldintzapean aske geratu zen 2018an.
«Hilketa izan zen»
Atzoko ekitaldian, Tere Saez Astelehen Lilak elkarteko kideak adierazi zuen «Iruñeko herritar gehienek» uste dutela Nagore Laffageeraila izan zela, eta justizia «errestauratibo eta ez-patriarkala» aldarrikatu zuen: «Hilketa izan zen, alkoholak ez dituelako salbuesten portaera matxistak, eta aberatsa izateak inoiz ez luke izan behar aringarria».
Halaber, Espainiako Ministro Kontseiluak asteartean onartutako Sexu Askatasunen Babeserako eta Sexu Indarkerien Kontrako Legeari buruz ere mintzatu zen Saez, eta emakumeek «ezetz esan ahal izateko» eta «eremu eta bizitzaren esparru guztiez berdintasunean gozatzeko» eskubidea aldarrikatu zuen.
Legeari buruz galdetuta, Casasolak matxismoaren aurkako «urrats» gisara definitu zuen, eta hura lortzeko talde feministek egin duten lana azpimarratu. Baina, urteotan genero indarkeriaren aurka gizarteak «indarra» agertu duela uste badu ere, oraindik borrokan jarraitu beharra dagoela gogoratu zuen Nagore Laffageren amak: «Eskatzen jarraitzen dut hilketa bat edo arazo bat gertatu aldiro kalera atera gaitezela, protesta egin dezagula, familiak babestu ditzagula; nik orain daukadan indarra Nafarroa beti nirekin egon delako baitaukat».
Hilketa matxista. Laffage gogoan
Asun Casasola, Nagore Laffageren ama: «Urteekin honek ez du hobera egiten»
Nagore Laffage irundarra oroitu dute; duela 13 urte hil zuten, sanferminetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu