Koronabirusa

AstraZenecaren txertoa «segurua eta eraginkorra» dela ebatzi du EMAk

Tronbosiekin harremana duenik ukatu du. Txertaketei berehala berrekitea proposatu du Parisek, eta asteazkenetik aurrera Madrilek

Ilunbeko txertaketako irudia. GORKA RUBIO/FOKU.
Maria Ortega Zubiate - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
AstraZenecaren txertoak eragindako eztabaidak bide berri bat hartu du: EMA Sendagaien Europako Agentziak baieztatu du «segurua eta eraginkorra» dela. Gehitu du onurak kalteak baino «askoz gehiago» direla. Agentziaren ebazpena Europako zenbait estatuk botika etxearen dosiak baztertu eta gero heldu da,txertatu batzuek izan dituzten tronbosiekin zerikusia izan dezakeelakoan. EMAk, aldiz, horiekiko harremana ezeztatu du: «Ez da ziurtatu txertoak tronbosiak areagotzen dituenik. COVID-19ak berak tronbosiak eragin ditzakeela kontuan hartuta, esan daiteke txertoak arrisku horiek gutxitzen dituela», adierazi du Emer Cooke EMAko zuzendariak.

EMAren erabakiari segituz, Hego Euskal Herrian, datorren asteazkenean hastekoak dira berriro AstraZeneca dosiak jartzen, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak atzo arratsean aurreratu zuenez. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ere ziurtatu du prest dagoela txertatzearen erritmoa berreskuratzeko hari berriro ekin bezain fite.

Ipar Euskal Herrian, berriz, gaur arratsaldean hasiko dira berriz txerto hori jartzen. Hala iragarri zuen atzo, Frantziako Jean Castex lehen ministroak egin zuen agerraldian. Izan ere, goiz honetan Frantziako Osasun Aginte Gorenak baimena berriro ematekoa du, EMAren ondorioen ondotik, neurria «eguneratzeko». Castexek berak, AstraZeneca txertoa gaur jarriko duela segurtatu zuen. Azpimarratu zuen AstraZenecaren txertoa jartzeari uzteko erabakia «zuhurra» izan dela, baina txerto horretan «konfiantza osoa» duela berretsi du.

Gainera, txertaketa kanpaina zalutuko dute Iparraldean: apirila erditik aitzina 65 urtez gorako herritar guztiei jartzen ahalko diete txertoa, eta maiatzetik, 50 urtez gorakei.

Dena den, EMAk tronbosien eta txertaketaren arteko harremana ukatu badu ere, onartu du «kasu oso arraroak» aztertu dituela. Eskura izan duten informazio guztiak kontrakoa azaldu badu ere, ikertzen jarraituko dutela esan dute. «Aztertuko dugu ea paziente horiek tronboak sorrarazten dituzten osasun baldintzak dituzten», azaldu du EMAko segurtasun kontroleko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.