AstraZeneca txertoaren lehen dosia jarri zaien 60 urtetik beherako pertsonei beste ekoizle baten bigarren dosi bat jartzeko aukera aztertu zuen atzo arratsaldean bilera batean Espainiako Osasun Publikoaren Batzordeak, eta iluntzean heldu zen erabakia: bigarren dosirako Pfizer etxearen txertoaren dosi bat jartzea ebatzi dute. Espainiako osasun agintariek, erabakia defendatze aldera, argudiatu dute EB Europako Batasuneko beste herrialde hainbatek hautu misto horren alde egin dutela. Espainiako Osasun Batzordean batzen dira, Espainiako Osasun Ministerioko arduradunekin batera, autonomia erkidegoetako ordezkariak.
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak joan den astean argudiatu zuenez, gaiaren bueltan egiten ari diren ikerketen emaitzen zain daude, AstraZenecaren txertaketaren ondorioz sorturiko atakatik atera ahal izateko, baina atzo bertan iritsi ziren Karlos III.a Osasun Institutuak gidatutako CombivacS entsegu klinikoaren datuak, eta, horien argitara, badirudi AstraZenecaren dosi bat eman ostean Pfizer etxekoa txertatzea, segurua izateaz gain, eraginkorra ere badela. Hortaz, AstraZenecaren txertoa jarri zaien 60 urtetik beherakoei Pfizer etxeko bigarren dosia jartzea erabaki dute orain Espainiako osasun agintariek. Onartu dute, hala ere, egoera aski berezia denez, aztertuko dutela, halaber, bi produktuen artean aukeratzeko era ematea txertoa hartzera doazenei.
60 urtetik beherakoei begira izan ditu Espainiako Gobernuak bigarren dosiaren gaineko dudak; izan ere, biztanlerik gazteenetan AstraZenecak tronboak eragin ditzakeela jakina da—arriskua oso apala bada ere—, eta horrek sorrarazi du txerto horren gaineko mesfidantza. Gehienak txertaketarako lehenetsitako ogibideetako langileak dira, txertaketaren bide horren bidez immunizazio prozesuan sartutako pertsonak. 60-70 urte artekoen artean, berriz, jarraitu dute txerto hori jartzen.
Hainbat autonomia erkidego desados agertu dira erabakiarekin. Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak esan du oraindik erabakitzeko dagoela zer egingo den, eta gaur autonomia erkidegoetako ordezkariek Espainiako Gobernuarekin duten bilera erabakigarria izango dela 60 urtetik beherakoentzat zer erabaki hartuko den zehazteko.
Ikerketaren emaitzak
AstraZeneca txertoaren dosi bat jaso dutenei Pfizer etxeko bigarren dosi bat jartzea segurua eta eraginkorra dela ondorioztatu du Madrilgo Karlos III.a Osasun Institutuan egindako ikerketa batek. Bi dosiak jarri zaizkienek gaitzaren kontrako antigorputzak normal garatzen dituztela egiaztatu dute, marka bereko bi dosirekin txertaturikoek izan ohi dituzten antzeko sintomekin.
Aurretiazko ondorioak dira atzo argitaratutakoak, CombivacS izeneko entsegu klinikoaren barruan. Egoerak behartuta, denboraren kontra ari dira txertoen nahasketek izan ditzaketen ondorioei buruz ikertzen ari direnak, eta datu ziurrak eskura izan bezain pronto kaleratzen ari dira, zientzian ohikoa den adituen ebaluaziora itxaron gabe. Modu horretan, osasun agintariei erabakiak ganoraz eta albait arinen hartzen lagundu nahi diete.
Ikerketan, bi zalantza argitu nahi izan dituzte: batetik, txertaketaren ondoren sistema immunitarioaren erantzuna egokia ote den. Bestetik, estrategia desberdinetan oinarritzen diren txertoak nahastea segurua ote den. Bietan balekotzat jo dute nahasketa.
AstraZenecarena adenobirusen erabileran oinarritzen da: SARS-CoV-2 birusaren RNA zati bat kapsulatu eta adenobirus batean sartzen dute, modu horretan, zelulak koronabirusa identifikatzeko eta haren kontra jotzeko gai izan daitezen. Pfizer txertoaren kasuan, berriz, RNA mezularia baliatzen dute efektu berbera lortzeko.
Antigorputz gehiago
Joan den astean The Lancet aldizkarian ezagutzera eman zuten bi txerto desberdin nahasteak eragin negatiboen handitzea ekar lezakeela, horiek larriak ez ziren arren. Bigarren ikerketa honetan, baina, ez dute aparteko arazorik atzeman, txertaketetan sortu ohi direnak salbu. Ondorio arinak edo maila ertainekoak hirugarren egunera desagertu omen dira.
Orotara, 678 lagun parte hartzen ari dira CombivacS. Horietatik, 441 laguni bigarren dosia jartzen diete, eta, horren ostean, ez dute inor ospitalera eraman behar izan. Aitzitik, bigarren dosia jarri zaienei koronabirusaren aurkako antigorputz gehiago detektatu zaizkie. Jarraipena egiten ari dira orain.