Kopenhagen gaur egindako agerraldi batean plazaratu du mezua Osasunaren Mundu Erakunde OMEko Europako zuzendari Hans Klugek. Igaro asteotan kontinenteko hainbat tokitan transmisioaren igoera bat egon dela esan du, eta nabarmendu du hainbat motibo daudela horren atzean: birusaren delta aldaerak hedatzeko duen erraztasuna, herrialde askotan murrizketetan egon den arintzea, eta uda sasoian jendearen joan-etorriek izan duten igoera, besteak beste.
Horiez aparte, zenbait tokitan oraindik txertaketa kanpainak ez daudela oso aurreratuta nabarmendu du, eta horrek ere eragina izan duela. Horregatik, adi jarraitzeko deia egin du: «Babesa emateko ildo guztietan irmo jarraitu behar dugu, eta hor daude, adibidez, txertaketa eta maskararen erabilera. Txertoak dira gizarteak berriro ireki eta ekonomiak egonkortzeko bidea».
OMEk 53 herrialde hartzen ditu erakundearen Europako erregioan, eta, Klugek gaur nabarmendu duenez, horietatik 33 herrialdetan igaro hamalau egunetan kasuen intzidentzia metatua %10 igo da, eta ospitaleratzeetan eta heriotzetan ere igoera bat egon da. Izurria hasi zenetik OMEk Europan 64 milioi COVID-19 kasu erregistratu ditu, eta eritasunak eragindako 1,3 milioi heriotza.
Herritarren ia %50 txertatuta daudela esan du Klugek, baina, hala ere, igaro sei asteotan moteldu egin direla txertaketa kanpainak, eta adi erreparatu behar zaiola horri. «Dosien ekoizpena, banaketa eta eskuragarritasuna hobetu behar dira herritarrak era oso batean txertatzeko», nabarmendu du.
Eskola sartzeari begira, aurrez aurreko eskolak bermatzea garrantzitsua dela gogoratu du erakundeak, eta horretarako irakasleak eta osasun arazoren bat duten 12 urtetik gorako nerabeak txertatzea garrantzitsua dela.