Hamabosna mila euroko bermea ordainduta, aske geratu ziren atzo arratsaldean asteazkenean atxilotutako lau euskal herritarrak: Nagore Lopez de Luzuriaga, Izaskun Abaigar, Fernando Arburua eta Oihana Barrios. Goizean hasi ziren pasatzen Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik, eta laurek ukatu zuten ETAko kide izatea edo haren agindupean aritzea. Atxilotuei deklarazioa hartu ostean, aske uztea erabaki zuen instrukzio epaileak, baina baldintzapean eta karguekin, «erakunde terroristan parte hartzea» leporatuta.
Asteotako atxiloketak eta oro har presoen babes taldeen aurkako azken polizia operazioa salatzeko eta presoen eskubideak aldarrikatzeko, manifestaziora deitu dute gaurko Donostian: Anoeta estadiotik abiatuko da, 17:00etan. Hogei alderdi politiko eta taldek deitu dute martxara; EAJk jakinarazi du ez duela bat egiten, baina «errespetatzen» duela manifestaziora deitzeko erabakia.
Bi urtean presoen babeserako taldeen kontra egindako hirugarren polizia operazioa izan da aste honetakoa. Aurtengo eta iazko urtarrilean Herrira mugimenduko dozena bat kide eta presoen eskubideen alde lan egiten duten beste horrenbeste abokatu atxilotu zituzten. Asteon, berriz, Etxerat euskal preso eta senideen elkarteko bi kide —Lopez de Luzuriaga eta Abaigar— eta Jaiki Hadi presoei osasun laguntza emateaz arduratzen den taldeko beste bi— Barrio eta Arburua—. Guardia Zibilak asteazkenean atzeman zituen, eta Madrilgo Tres Cantosko polizia etxean eduki dituzte atzora arte. Laurek uko egin zioten polizien galderei erantzuteari, beren konfiantzazko abokatuak ondoan zituztela; haien bitartez jakinarazi dute jasandako tratua zuzena izan dela. Guardia Zibilak leporatutako guztia ukatu dute epailearen aurrean, baina hark akusazioei eutsi egin die.
Eloy Velascoren esku daude, hain zuzen ere, aurreko beste bi operazioekin loturiko sumarioen instrukzioak, eta litekeena da denak sumario berean batzea, presoen eskubideen alde ari diren talde eta profesionalen aurkako kausa orokor batean. Aurreneko operazioan 18 pertsona atxilotu eta Herrira elkartearen jarduna eten zuen epaileak, eta aurtengoan agindu zuen beste 16 atxilotzeko, abokatuak gehienak. Operazio horien karietara kaleratutako ebazpenean jada seinalatzen zituen Etxerat eta Jaiki Hadi, ETAren «kartzelako fronteko» partaide gisa, eta horixe berretsi du atzoko autoarekin. Berri agentziek zabaldutakoren arabera, epaileak akusazio hori egiteko froga gisa erabili ditu atxilotuen etxeen miaketetan Guardia Zibilak «aurkitutakoa» ; tartean, ustez presoek atxilotuek elkarren artean komunikatzeko erabilitako paperezko tutu batzuk, eta «terrorista bat sortzeko eskuliburu bat» —izen bera duen eta legezkoa den DVD bat da ustezko eskuliburu hori, Etxerat-en arabera—.
Jone Goirizelaia abokatuak azaldu duenez, akusazioek ez dute oinarri juridikorik, arrazoi politikoak baino ez daude atzean; zehazki, presoen eskubideen defentsa kriminalizatzeko asmoa. Sarekada egiteko unea ere nabarmendu du abokatuak, eta «akzio-erreakzio espiral» baten barruan kokatu du. «Ez da kasualitatea Bruselan nazioarteko eragileek presoen egoera salatzea eta hurrengo egunean gertatzea atxiloketak».
Etxerat-ek ere uste du atxiloketekin presoen senide eta lagunak jarri dituztela jopuntuan, eta salatu du azken asteetan handitu egin dela elkartearen aurkako jazarpen mediatiko eta poliziala; bereziki, otsailean Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu ostean eta duela bi aste Europako instituzioetara joan eta hango eragileekin elkarrizketatu ondoren.
Jaiki Hadirentzat ere agerikoa da euren jarduna «kriminalizatzeko» nahia, baina azpimarratu du elkarteko kideak legearen barruan aritu direla beti. Hain zuzen ere, mediku talde horri eta lau atxilotuei elkartasuna agertzekoagiri bat kaleratu dute Nafarroako 20 psikologok, eta beste bat medikuntzan, zuzenbidean eta giza eskubideen defentsan jardun duten 50 elkarte inguruk: Euskal Herrikoak, Herrialde Katalanetakoak eta Espainiakoak. Argituz elkarteak eman du horren berri. Taldeok «kezkagarritzat» jo dute polizia operazioa eta azpimarratu dute lau kideen ibilbide profesionala ezaguna dela, egindako lana «irmoa, sakona eta giza eskubideekin konprometitua» izan dela, eta askotariko presoei —eta ez soilik mugimendu abertzalekoei— laguntza medikoa eskaini dietela. Haien lana nazioartean ere ezaguna dela azpimarratu dute; espresuki torturaren aurka eginikoa, zeina, besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundearen torturan aurkako kontalariak «txalotu» egin duen. Era berean, oso larria dela iritzi diote osasun alorreko profesionalak susmopean jartzea, eta salatu dute atxilotuek beraiek artatzen dituzten gaixoen historia medikoak konfiskatzea profesional horien eta presoen eskubideen urratze larria dela, eta kriminalizaziorako «aurrekariak» sortzen dituela.
Errespetatu bai, ados ez
Horren guztiaren kontra, manifestaziora deitu dute gaurko, besteak beste, EH Bilduko alderdi guztiek eta ELA eta LAB sindikatuek. Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, berriz, Euskadi Irratian argitu du alderdi jeltzaleko buruzagirik ez dela izango Donostiako kaleetan. «Norberak ikusi behar du arrazoirik ba ote dagoen manifestazioa egiteko. Guk errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia», azaldu du. Hala ere, gaineratu du bere alderdiak ez duela bat egitenezker abertzaleak presoen auzian daukan jarrerarekin. «Presoek badaukate beste ibilbide bat egitea». Manifestaziorako deia egin duten eragileek, aldiz, azpimarratu dute «denon konpromiso aktiboa» beharrezkoa dela bakebidean aurrera egiteko.
Atzo, berriz, hileko azken ostirala izanik, presoen eskubideen alde mobilizazioak izan ziren; besteak beste, Gasteizen 570 lagun bildu ziren; Arrasaten, 200; Pasai Antxon, 80; Usurbilen, 88; Zaldibian, 95; Zarautzen, 125; Getarian, 36; Bakion, 37; Larrabetzun, 116; Sondikan, 11; Usansolon, 25; Zeberion, 33, eta Irurtzunen, 28. Era berean, gaur eguerdian manifestazioa egingo dute Ondarroan, Ibon Iparragirre gaixo dagoen presoa aska dezaten eskatzeko.
Asteon atxilotutako laurak libre utzi ditu epaileak, baina karguei eutsi die
«Erakunde terroristan parte hartzea» leporatzen die Eloy Velascok.15.000 euroko bermea pagatuta geratu dira aske, baldintzapean.Konponbidearen alde, manifestaziora deitu dute gaurko Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu