Astelehenetik aitzina lehen hezkuntzako haurrek maskara kenduko dute Iparraldean

Astelehenean, hezkuntza protokoloa aldatu egingo da, eta toki publikoetan maskara ez da beharrezkoa izanen. Osasun langileek txertoaren hirugarren dosia hartzen ahal dute gaurtik.

Haurrek maskararen erabili behar izanaren aurkako protesta bat, iaz, Baionan. BOB EDME
Jon Ordoñez Garmendia - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko urriaren 6a
14:12
Entzun

Astelehenean arrisku mailarik oinarrizkoenean sartuko da Ipar Euskal Herrian. Herenegun intzidentzia tasa 39,1era jaitsi zen, eta datu horretan oinarrituta, prefetak protokoloak aldatu ditu: bigarren mailatik lehen mailara. Hala, Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako Lehen Hezkuntzako ikasleek ez dute ikastetxean maskara jantzi beharko. Gainera, arrisku maila aldatu denez gero, osasun ziurtagiria beharrezkoa den toki publikoetan, ez da derrigorrezkoa izanen maskara erabiltzea.

Ipar Euskal Herrian hau da gaur egungo egoera, eta arrisku maila aldatzeak ekarriko duen egoera berria:

Eskoletako protokoloa

Orain arte Lehen Hezkuntzan, kolegioetan eta lizeoetan beharrezkoa zuten ikasleek maskara ikastetxean. Astelehenetik aurrera, ordea, 6 urte eta 11 urte arteko haurrek kendu ahal izango dute. Bigarren hezkuntzakoek, berriz, atxiki beharko dute.

Bestalde, orain arte ikasturte desberdinetako ikasleak ezin izan dira nahastu. Maiz ukitzen diren gauzak egunean behin baino gehiagotan garbitu behar izan dituzte; arrisku mailarik txikienera pasatzean nahikoa izango da egunean behin garbitzea. Orain arte kanpoko jarduerak baimenduta zeuden, baina espazio itxietan kontaktuko kirolak saihestu behar ziren, eta, ahal zen heinean, segurtasun distantzia mantendu. Astelehenetik, lehen arrisku mailan ez da inolako eragozpenik izango kirol jardueretarako, zein bestelako jardueretarako.

Bakartze protokoloa ez da oraindik aldatuko. Lehen Hezkuntzan positiboren bat agertuz gero, ikasgela itxi behar dute eta eskolak etxetik jarraitu. Kolegio eta lizeoetan, positibo eman duenarekin harreman zuzena izan dutenek zazpi egunez hartu beharko dituzte eskolak etxetik, txertatu gabe baldin badaude; txertatuta egonez gero, eskola presentzialarekin jarraitu ahal izango dute.

Maskararen erabilera

Astelehenetik aurrera, osasun ziurtagiria beharrezkoa den lekuetan, hala nola kultur geletan, kirol guneetan, eta ostatuen barnealdean ez da gehiago derrigorrezkoa izanen maskara, arrisku aldaketaren ondorioz. Haatik, aire libreko merkatuetan, eta leku publikoetara sartzeko jende lerroetan beharrezkoa izango da hemendik aurrera ere.

Toki itxietan eta jendea pilatzen den lekuetan maskara jartzea derrigorrezkoa da oraindik, Hego Euskal Herrian bezala. 12 urtetik gorako adingabeek ere jantzi behar dute, baina 5 eta 11 urte bitartekoei maskara jartzea gomendio bat da.

Prefetaren izenean Eddie Bouttera idazkari nagusiak urriaren 4an sinatu zuen aginduak zehaztu zuen, aire librean derrigorrezkoa ez den arren, zinema, estadio edo jaialdietan sor litezkeen ilaretan, azoketan eta manifestazioetan ere jantzi beharrekoa dela. Espazio itxietan salbuespen bakarrak kirola, dantza edo beste jarduera fisikoren bat egin behar dutenena eta medikuaren baimena dutenena da.

Edukierak

Saltokietan gaur egun ez dago edukiera mugarik, eta kirol azpiegitura handietan hilabeteak dira zaleek harmailak bete ditzaketela. Orain, bigarren arrisku mailan, publikoa zutik dagoen kontzertuetan eta areto itxia duten dantzalekuetan edukiera %75era mugatua (aire libreko dantzalekuetan %100ekoa da). Astelehenetik aitzina, berriz, edukierek ez dute mugarik izanen.

Txertoa

Txertoa derrigorrezkoa da pertsona zaurgarriekin lan egiten duen ororentzat, zaintzaile, profesional edo boluntarioa izan. 65 urtetik gorakoek hirugarren dosi bat jasotzea gomendatzen dute, baita arrisku taldeetan daudenek ere. Bestalde, gaurtik hasita, osasun langileek hirugarren dosia jar dezakete. Frantziako Osasun Aginte Gorenak eman zuen horretarako oniritzia, immunitatea handitzen duela argudiatuta. Bigarren dosia jarri eta sei hilabetera jar dezakete hirugarrena.

Txertaketa agiria

Txertaketa agiria beharrezkoa da Ipar Euskal Herrian hainbat lekutan sartzeko, esate baterako, zinema aretoetan, museoetan, kafetegietan, jatetxeetan, eta ospitaleetan, zahar egoitzetan eta osasun edo gizarte arloko aretoetan, larrialdi kasuetan izan ezik. Erregioen arteko distantzia luzeko bidaiak egiteko garraio publikoan ere beharrezkoa da. Irailaren 8tik ez da beharrezkoa merkataritza gune handietan, intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 200etik beherakoa delako. Irailaren 30etik txertaketa agiria beharrekoa dute 12 urtetik gorako adingabeek ere, horretarako guztirako.

PCR eta antigeno probak

Pandemia hasi zenetik, urririk egin daitezke koronabirusa detektatzeko probak, Ipar Euskal Herrian; Gizarte Segurantzak ordaintzen ditu. Frantziako Gobernuak, ordea, osasun ziurtagiria indarrean ezarri zuenetik zehaztu zuen udazkenetik aurrera «erosotasun probak» ordainpekoak izanen direla. Hala, urriaren 15etik aitzina, medikuaren agiririk ez duten pazienteek PCR eta antigeno probak ordaindu beharko dituzte. PCR proben gutxieneko prezioa 44 eurok izanen da, eta antigenoena 22 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.