Astelehenean libre geratuko da ofizialki Izaskun Lesaka presoa. Edonola ere, Frantziatik kanporatu arte espetxean jarraituko du, herrialde horretan bizitzeko debekua ezarri diotelako. Espainiak haren kontrako kargurik ez duenez, erabat libre geratuko da orduan.
Presoaren abokatuek eman dute erabakiaren berri.
Lesaka 2012. urtean atxilotu zuten, Maconen (Frantzia), hau da, ETAk bere jarduera armatua bertan behera utzi eta urtebetera.
Hori kontuan hartu zuen martxoan Kondenak Aplikatzeko Parisko Epaitegiak, eta Lesakaren askatasun eskaera onartu zuen. Epaitegiak aintzat hartu zuen Euskal Herriko testuinguru politikoa aldatu izana, eta adierazi «bake prozesua zalantzan ezartzeak» ez zuela «zentzurik».
Baina Frantziako prokuradoreak helegitea jarri zion erabakiari.
Bakegileek eta Bake Bideak «gogorki» arbuiatu zuten «terrorismoaren» aurkako Frantziako prokuradorearen jokabidea.
Reauko presondegian dago preso burlatarra.