EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia bete, eta Udaltzaingoaren burua kargugabetzea onartu du Gasteizko Udalak. Maider Etxebarria alkateak iragarri du sinatua duela agindua, eta datorren astelehenean, ekainaren 3an, utziko duela kargua Roberto Garcia Tobalinak. Gasteizko Administrazio Auzitegiak emandako epaia berretsi zuen Justizia Auzitegiak asteazkenean, behin-behinean Garcia kargutik kentzeko eskatu zuen epaileak, haren izendapena baliogabetzat jota.
Etxebarriak esan du «errespetu osoa» diola epaileek hartutako erabakiari, eta hitzeman du bete egingo duela. Gainera, udalak erabaki du Auzitegi Gorenean helegiterik ez aurkeztea. Epaiak udalaren irudiari kalte egin diezaiokeen galdetuta, ez du kezkarik agertu alkateak: «Erabaki judizial bat ez betetzeak kezkatuko ninduke».
Horrez gain, urte hauetan egindako lana aitortu dio Garciari, eta eskerrak eman: «Lan bikaina egin du, eta gorputzez eta arimaz aritu da, enpatia ikaragarriaz». Etxebarriak, baina, ez du argitu arduradun berria izendatzeko prozesuaren hurrengo urratsak zeintzuk izango diren, ez eta izendapen hori noiz egingo den ere. Alkateak adierazi du Funtzio Publikoaren ardura dela prozesu hori zehaztea.
Auzitegiaren arabera, lanpostu hori «gardentasunez» ebatzi behar da, eta udalak 2022ko hartan ez zuen hala egin. Izan ere, epailearen arabera, gobernu taldeak «agintea desbideratu» zuen Garcia Udaltzaingoren buru izendatzean. Horiek hala, auzitara jotzea erabaki zuten ELAk eta ustez prozesuan kaltetua izan den udaltzainak, Marian Bidaurrek, argudiatuta «emakume langile bat genero arrazoiengatik baztertu» zutela. Sindikatuaren arabera, «meritu lehiaketaren bidez» bete izan da lanpostu hori. Baina ikusteko dago orain ere hala egingo den, edo deialdi publiko batera deituko duten.