Asteon jakin da Donostia ospitalean abenduaren hasieratik protestan ari diren langileak aztertzen ari direla egin dituzten eskeen harira Osakidetzako buruek emandako erantzuna. Bi aldeek hainbat dokumentu trukatu dituzte egunotan, eta horren gaineko gogoetan aritu dira langileen ordezkariak. Atzo ilunabarrean jakinarazi zuten heldu den astelehenean ez dutela elkarretaratzerik egingo erietxe atarian; langileen batzarra elkartuko da, Osakidetzatik jasotako erantzunak aztertzeko eta hemendik aurrera zer egin erabakitzeko.
Urtarrilaren 23an, langileen ordezkariek azaldu zuten ez zituztela etengo protestak nahiz eta aurrerapausoak izan ziren zuzendaritzarekin zituzten harremanetan. Eta mobilizatuta jarraitu dute: aste honetan bertan egin dute azken protesta. Astelehen goizean, igaro asteotan ohikoa bihurtu den irudia berritu dute: elkarretaratze bat egin dute erietxeko atariko eskaileretan.
Langileak batzar batean elkartuta ari dira protestotan; hainbat arlotako profesionalak batu dira batzar horretan, baina, protestaren hasieratik, aparteko oihartzuna hartu dute erietxeko zerbitzuburuek egindako eskariek, eta gatazka honek horixe izan du aparteko bereizgarria. Erietxeetan erabaki ahalmen handia duten profesionalak izaten dira zerbitzuburuak, eta haiek kalean protestan ikusteak harridura eta kezka piztu du sektore askotan. Hizpide izan dituzten aldarrien artean askotan egon da kudeaketa eredua aldatzeko eskea: egun «bertikala» dela salatu dute.
Langileek urtarrilaren 23an esan zutenez, krisia konponbidean jartzeko oinarriak adostu zituzten hilaren 18an Osakidetzako zuzendaritzako buruekin egindako bileran. Batzarrean batuta, ordea, langileek erabaki zuten mobilizazioekin jarraitzea. Langileen ordezkariek orduan esan zutenez, egiaztatu nahi dute bermeak jartzen direla Osakidetzarekin hitzartutako akordiorako oinarriak betetzeko. Alegia, nabarmendu zuten bileran «ahoz» adierazitako konpromisoak «idatziz eta sinatuta» jaso nahi zituztela. «Aurrez aurreko konpromisoa adierazi ziguten, baina horren akta nahi dugu, sinatua, bilera hartan onartu ziren aurrerapausoak gauzatuko direla ziurtatzeko», azaldu zuen Felix Zubia medikuen ordezkariak.
Abendutik
Abenduaren 2an hasi zen krisia Donostialdeko ESIan: Osakidetzak kargutik kendu zituen Itziar Perez erakunde sanitario horretako zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga Donostia ospitaleko zuzendari medikoa, eta ESIko hainbat langilek egun hartan bertan egin zuten elkarretaratzea, haiei babesa emateko. Kargutik kendutakoak euren postuetara itzultzeko eskea egin zuten. Kontrara, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan zuen kargugabetzeak «antolakuntza aldaketa» soilak zirela.
Abenduaren 28an bost eske zehatz jaso zituzten langileek Osakidetzarekin negoziatzeko, eta orain horien gaineko akordioa lortu nahi dute.