Asteburuetan ospitaleetako bisitetan «planto» egiteko esan die Medikuen Sindikatuak Osakidetzako osagileei

Ordainsari handiagoak nahi dituzte asteburuetan ematen duten zerbitzu horren truke, eta gutun bat igorri diote Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari, «plantorako» deia egin dutela jakinarazteko.

Gurutzetako erietxeko kanpoko aldea, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gurutzetako erietxeko kanpoko aldea, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2024ko abuztuaren 12a
17:00
Entzun

Larunbat eta igandeetan erietxeetako pazienteak ikusteko egin behar izaten duten «bisita pasea» egiteari uzteko deia egin die Osakidetzako sendagileei Euskadiko Medikuen Sindikatuak. Sindikatuak bolada bat darama bisita horiengatik jasotzen duten ordainsaria igotzeko aldarriak hauspotzen, eta azaldu dute Osakidetzako buruek oraindik ere ez dietela erantzun argirik eman, eta horregatik egin dutela «plantorako» deia.

Eskutitz baten bidez helarazi dute Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusira. Gaiaren inguruan «giharra erakustea» beharrezkoa dela esan dute sindikatuko ordezkariek, eta horregatik ari direla eskabide horien inguruan ahalegina egiten. Gaur egun, larunbatetan, bisita horiengatik 315 euro ordaintzen dizkietela azaldu dute; 420 euro nahi dituzte. Igande eta jaiegunetan 420 euro jasotzen dituzte; eskea egina dute 508 euro jasotzeko.

Hamabost eguneko epea eman diete Osakidetzako buruei eskabide horien alde egiteko, eta «eskatutakoa» emateko. Eusko Jaurlaritza eratu berria da, eta orain Osasun Sailaren ardura hartu duten buruzagiek onerako «jarrera aldaketa bat» agertu dutela onartu dute sindikatuko ordezkariek, baina aldarriak bizirik jarraitu behar duela pentsatzen dute. Gai horren gainean arreta jarri duen sindikatu bakarra direla esan dute.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek azaldua du itun zabal bat hitzartzeko asmoa, Osakidetzan egun dauden arazo ugarien konponbidea bilatze aldera. Horretarako, osasun eragileen hitza jaso nahi du, eta egin ditu lehen bilera batzuk. Horietako bat uztailaren 17an izan zen, Euskadiko Medikuen Sindikatuko ordezkariekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.