Triste eta etsita daude ikasle eta irakasleak. Murietako eskolako azken eguna izanik, ahal duten moduan eman dituzte eskolak. Astelehenetik aurrera, Murietako haurrek Lizarrara joan beharko dute ikastera. Irakasleek, berriz, ez dakite zer gertatuko den haien lanpostuekin eta nora bidaliko dituzten.
Zuzendariak komunikabideen eskaerak eta Hezkuntza Departamentuko arduradunen telefono deiak erantzuten eman du goiza. Herrian ere ez da beste konturik. Gaizki iruditzen zaie eskola ixtea. "Haur asko daude, baina Lizarrara eramaten dituzte; asteburuetan bakarrik ikusten ditugu haurrak herrian", esan du herritar batek.
Udalak gaia aztertzeko bilera eginen du gaur arratsaldean, baina erabakiak ez duela atzera bueltarik uste du zuzendariak. "Itxi diren landa eremuetako eskolak ez dira berriro ireki".
Ikasle kopurua baliatu du gobernuak itxieraren erabakia argudiatzeko. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, ikuskaritzaren txosten batek dio "pedagokikoki eta ekonomikoki" ez duela zentzurik bi neskatoak eskola batean bakarrik izateak. Ikasleen gurasoek, ordea, salatu dute egun batetik bestera izan dutela erabaki horren berri, eta, ikasturtea hasita egonda, onartezina deritzote. Marisol Rodriguezek, eskolan ikasten ari diren bi haurretako baten amak, azaldu du beste hiru haur matrikulatu dituztela asteon, datorren astean eskolak hasteko, eta, ondorioz, eskolak zabalik behar duela iritzi dio.