Asteburuan izandako istiluen aurka egin dute alderdiek eta erakundeek

Urkulluk kale istiluak gaitzetsi ditu. EH Bilduk eta Podemos-ek istiluak arbuiatu dituzte eta adierazpen askatasunaren auziari heldu diote

Edukiontziak itzaltzen. LUIS TEJIDO / EFE
2021eko otsailaren 22a
19:21
Entzun

Hainbat mobilizazio egin dituzte asteburuan Pablo Hasel kantaria bere abestien letrengatik espetxeratu dutela eta, espetxeratze hori salatzeko eta adierazpen askatasuna defendatzeko. Zenbait tokitan kale istiluak izan dira. Igandean, Bilbon, Moyua plazaren inguruan hainbat manifestarik edukiontziak gurutzatu zituzten eta botilak jaurti zizkieten ertzainei. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «irmo» gaitzetsi ditu istiluak: «Erantzun eraikitzaileak, berritzaileak eta kultura behar dugu bizi dugun krisi egoerari aurre egiteko. Atzo bizi izandako gertaerek islatzen dutenaren justu kontrakoa», Urkulluren arabera. «Giza duintasunaren zentzua iraintzen dute eta suntsitu baino ez dute egiten», bere iritziz. Ildo beretik egin du Juan Maria Aburto Bilboko alkateak ere. Istiluak gaitzestearekin batera, eraso egin zioten argazkilariari babesa igorri dio. Aburtoren ustez,«kontraesan handi bat da adierazpen askatasuna defendatzea eta gero bere lana egiten ari den  hedabide bateko profesional bati eraso egitea». Bilboko EH Bilduk ere arbuiatu egin ditu istiluak, «lekuz kanpo daudela» uste du. Eta gaineratu du eztabaida bat dagoela egiteko Espainiako Estatuan: «Bere burua demokratikotzat daukan estatu batek indarrean dituen arauek adierazpen askatasuna mugatzen badute, egokitu egin behar ditu». Halaber Bildur ere babesa agertu dio argazkilariari.

Izan ere, Jose Mari Martinez Deia-ko argazkilaria kolpatu zuten igandean, manifestazioaren amaieran, Bilbon. Martinezen hitzetan, «baketsua eta ondo antolatutako manifestazio» bat egon zen, eta amaieran «lau astakirten edukiontziak erretzen hasi ziren eta irudiak hartzen hasi nintzenean, iraindu eta kolpatu ninduten». Onik dago argazkilaria. Euskal Kazetarien Elkartearen babesa ere jaso du. Adierazpen askatasunaren aurkakotzat jo du elkarteak argazkilariaren kontrako erasoa.

Podemos-Ahal Dugu-k ohar bidez arbuiatu ditu istiluak, eta adierazpen askatasunaren alde egin du.  «Babesten ditugu adierazpen askatasunaren alde egiten ari diren mobilizazio guztiak. Hala ere, manifestari batzuek indarkeria erabili izana arbuiatzen dugu, adierazpen askatasuna aldarrikatzearen kontra doalako». Ahal Dugu-k gaineratu du istilu «deitoragarri» horiek erabiltzea Podemosen aurka egiteko: «Ezin da normaltasun demokratikorik egon musikari bat espetxeratzen denean bere abestietan monarkia kritikatzeagatik».

Iruñean larunbatean izan zen adierazpen askatasunaren aldeko manifestazioa, eta amaieran, zenbait manifestarik edukiontziak erre zituzten. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu ditu istiluak, baina ez du lortu adostasunik adierazpen bateratu baterako. Navarra Sumak aurkeztu du. Istiluak gaitzestearekin batera, poliziaren lana txalotu eta babesten zuen koalizioaren proposamenak, eta PSNren babesa baino ez du lortu. Iruñeko Udaleko alderdiek ere istiluen kontra egin dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.