Koronabirusa

Astebetean %31 handitu da COVID-19ak jota ospitalean dauden pazienteen kopurua

Beste 1.040 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, kopururik handiena apirilaren 29tik. Ospitaleetako goraldia orain ez da aurreko olatuetakoa bezain azkarra

Donostia ospitaleko larrialdien ataria, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Koronabirusaren azken datuek ez dute esperantzarako tarte handirik uzten: 1.040 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, kopururik txarrena apirilaren 29tik. Hiru egunez jarraian milako langa gainditu dute positiboek. Positiboen ehunekoa ere kezkatzeko modukoa da: Osakidetzak eta Osasunbideak herenegun egindako 9.303 probetatik %11,2k eman dute positibo. Beraz, aise gainditzen du izurria kontrolpean edukitzeko OME Osasunaren Mundu Erakundearen %5eko muga. Positiboak areagotu ahala, ospitaleak ere gero eta beteago daude. Pare bat datu ematearren: duela astebete baino %31 gaixo gehiago daude gaitzak jota ospitaleetan, eta duela bi aste baino %38 gehiago. Herenegun beste 26 lagun ospitaleratu behar izan zituzten, eta, orotara, 143 gaixo daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan.

Transmisioari begira, egoerarik txarrena Nafarroak du. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia 546 kasukoa da, eta, gaur-gaurkoz, kurbak ez du moteltzeko itxurarik, beste 368 positibo atzeman baitituzte. Gipuzkoako datuak ere txarrak dira: azken hamalau egunetako intzidentzia 402 kasukoa da, eta beste 266 kasuren berri eman dute gaur. Bizkaiak eta Arabak kopuru hobeak dituzten arren, goranzko joerari eusten diote. Hurrenez hurren, 269 eta 238 kasuko intzidentzia dute, eta 282 eta 84 positibo berri jakinarazi dituzte gaur.

Orain arte izurriak erakutsi duenaren arabera, positibo berriek ospitaleetako solairuak betetzen dituzte lehenengo, eta aste batzuetara iritsi ohi dira gaixoak ZIUetara. Gaur-gaurkoz, oraindik igoerarik ez dute nabaritu: 39 gaixo daude larri Osasunbideko eta Osakidetzako erietxeetan.

Izurriaren fase hau erietxeetan da motelagoa, oraingoz. Gainerakoan, transmisioari begira, guztiz oldartuta dago. Horra alderaketa bat: martxoaren 11n —gutxi gorabehera orduan hasi zen honen aurreko olatua— 369 kasu zeuden batez beste; handik hamabost egunera, martxoaren 26an, 499: hau da, %35 gehiago. Aldiz, azken olatuaren hasieran, ekainaren 27an, 205 positibo zeuden batez beste, eta handik hamabost egunera, atzo, 758; hau da,%270 gehiago. Beraz, olatu honetan aurreko olatuan baino 7,7 aldiz azkarrago ari da zabaltzen birusa.

Ospitaleetan, berriz, ez du hainbesteko eraginik. Aurreko olatuan, martxoaren 21ean hasi zen igotzen ospitaleratzeen batezbestekoa —batez beste 38,9 gaixo ospitaleratzen zituzten egunero—, eta bi asteren buruan, 55,6. Orain, kutsatu kopurua azkar igotzen ari den arren, batezbestekoaren igoera hamabost egunera hasi da nabaritzen, eta igoera ez da oso handia: ekainaren 28an, batez beste 19,9 ospitaleratu zeuden egunero, eta handik bi astera, atzo, 21. Beraz, txertoa bere lana egiten ari dela esan daiteke. Nafarroako Gobernuak eman du hori erakusten duen beste datu esanguratsu bat: kutsatuen %71 15 eta 29 urte arteko gazteak izan ziren atzoko datuetan. Gainera, jende gazteagoa ospitaleratu behar izan dute: Nafarroan uztailaren 1etik COVID-19agatik erietxeratu dituzten herritarren %58,3k 50 urte baino gutxiago dituzte; %37,5ek, 40 baino gutxiago; eta %12,5ek, 30 urte baino gutxiago. Gaitza gazteentzat ere bada arrisku: ZIUetan sartu behar izan dituzten azken lau erietatik hiruk 35 urte edo gutxiago zituzten; 20, 27 eta 35.

Erregistroa tabernetan

Birusa hesitu nahian, beste neurri bat hartu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak: aurrerantzean mahai bakoitzeko gutxienez kide baten datuak gorde beharko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jatetxeek. Hala dio COVID-19aren zabalkundea eragozteko protokoloan egin duen azken eguneraketak; ostalariek hiru astez gorde beharko dituzte datuok, agerraldiren bat gertatuz gero Osakidetzari jarraipena errazteko. Idatzi beharreko datuak zerbitzuaren data eta ordua izango dira, eta, osasun zerbitzuek hala eskatuz gero, haiei eman beharko zaie agiria. Barnealdean maskara erabiltzearen garrantzia nabarmendu du Osasun Sailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.