Koronabirusa

Astebetean %21 handitu da erietxeetan dauden erien kopurua

Egun bakarrean 958 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta azken hiru hilabeteetako daturik okerrena da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 119 herri daude eremu gorrian

Osasun etxea. Langileak Donostiako osasun zentro batean. M.A. /FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Goraldian da COVID-19a. Hala erakusten dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuek: astelehenetik —Eusko Jaurlaritzak orduan berritu zituen azken aldiz datuak— 2.284 kasu atzeman dituzte. Konparazio bat egitearren: joan den asteko epe berdinean 1.313 lagunek eman zuten positibo. Asteazkenean jasotako datua bereziki kezkagarria da: 958 pertsonak eman dute positibo; daturik txarrena da abuztuaren 13tik. Positiboen ehunekoa ere OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia kontrolatzeko jarritako %5eko langaren gainetik dago: herenegun egindako proben %8,6k eman zuten positibo.

Gipuzkoako egoera bereziki kezkatzekoa da: 392 positibo berri jakinarazi dituzte, daturik txarrena uztailaren 29tik; 267 kasu berri daude Nafarroan, abuztuaren 6tik atzemandako gehiena; 231 izan dira Bizkaian, eta ez zituzten hainbeste atzeman abuztuaren 28tik; azkenik, Araban dira datuak apalen, 55 positibo atzeman baitituzte, bezperan baino bi gutxiago. Azken hamalau eguneko intzidentziari erreparatuz gero, antzeko egoera islatzen du: Gipuzkoan 398 kasukoa da 100.000 biztanleko; 273koa da Nafarroan; 152koa Bizkaian; eta 134koa Araban. Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri ditu udalentzat asteon: 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 150 kasutik gora duten herrietan, udal agintariek bertan behera utzi edo aldi baterako atzeratu beharko dituzte prebentzio neurriak betetzea bermatu ezin duten jarduera guztiak. 119 herri daude egoera horretan: Araban daude hamabi, 41 Bizkaian eta 66 Gipuzkoan.

Pixkanaka bada ere, gaixo horietako batzuk ospitaleetara iristen ari dira. Egun, 182 gaixo daude Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan gaitzarengatik. Duela astebete, azaroaren 11n, jakinarazi zuten 151 gaixo zeudela erietxeratuta; hau da astebetean %21 igo da kopurua. Horietako batzuk, gainera, larri daude, ZIUan. Hain zuzen, 30 gaixok behar dute mota horretako arta, duela astebete baino sei gehiagok.

Ikasgelak ixten

Gaur-gaurkoz haientzako txertorik ez dagoenez, umeen artean ari da zabaltzen birusa, batez ere. Hori horrela, ikastetxeetan eragiten ari da COVID-19a. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak itxitako ikasgelen datuak eman dituzte: 134 gela daude itxita, eta, orotara, 75 ikastetxetan dauzkate ikasgelak itxita. Nafarroan zenbat ikasle konfinatuta dauden ere jakinarazi dute: 1.142. Beraz, Nafarroako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %1,88 daude etxean koronabirusagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.