koronabirusa

Astebetean 1.876 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Aurreko astearekin alderatuta, %48 handitu da positibo kopurua. Hamasei herritar hil dira gaitzak jota.

PCRak egiteko gunea, Iruñeko ospitalean. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 8a
13:39
Entzun

Pixkanaka bada ere, koronabirusa hedatzen ari da Hego Euskal Herrian. Azken astean, azaroaren 1etik 7ra, 1.876 positibo atzeman dituzte, joan den astean baino 606 kasu gehiago; hau da, %48 handitu da positibo kopurua astebetean. Aurreko asteetako datuekin alderatuta ere, igoera: urriaren 11tik 17ra 939 lagunek eman zuten positibo, eta urriaren 18tik 24ra, 1.193k.

Egoera bereziki kezkagarria da Gipuzkoan: astebetean 802 kasu atzeman dituzte bertan, Hego Euskal Herriko kasu guztien %43. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 175 kasukoa da lurralde horretan, BERRIAk egindako kalkuluen arabera. 58 puntu egin du gora astebetean. Gainerako lurraldeetan positibo gutxiago erregistratu dituzte. Nafarroan, 452 lagunek eman dute positibo, eta 113 kasukoa da intzidentzia, duela astebete baino 29 puntu handiagoa; Bizkaian, 487 positibo erregistratu dituzte, eta 80 kasuko intzidentzia daukate, duela astebete baino lau puntu handiagoa; azkenik, Araban, 115 herritarrek eman dute positibo, eta 63 positiboko intzidentzia daukate, joan den astean baino zortzi puntu handiagoa. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, eremu gorrian daude bost herri: Agurain (Araba), Abadiño (Bizkaia), Astigarraga, Azpeitia eta Zumarraga (Gipuzkoa).

Halere, ospitaleetako egoera ez da bereziki gaiztotu, oraingoz behintzat. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 138 lagun daude gaitzak jota erietxean; horietako 30, ZIUetan. Azken astean ez da nabari igoera nabarmenik: duela astebete baino bi gaixo gehiago daude ospitalean, eta hiru gutxiago ZIUetan.

Oraindik, ordea, jendea hiltzen da COVID-19agatik. Orotara, astebetean hamasei herritar hil dira gaitzak jota Hego Euskal Herrian, joan den astean baino hiru gehiago, baina urriaren 18tik 24ra baino lau gutxiago, eta urriaren 11tik 17ra baino zazpi gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.