Datuek erakusten dutenez, baretzen ari da COVID-19aren oldarraldia. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur eguneratu dituzte datuak, eta atzo egindako probetan beste 7.674 positibo atzeman zituzten, aurreko asteko egun berean baino 86 gutxiago. Halere, positiboen kopurua ez da adierazle erabat fidagarria pandemiaren bilakaeraren berri izateko, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak protokoloak aldatu eta proba gutxiago egitea erabaki baitzuten. Atzo, esaterako, 19.271 proba egin zituzten, eta %40k positibo eman zuten. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko muga dauka ezarrita pandemia bat kontrolpean edukitzeko. Ordea, ospitaleetan ere arindua ikusten ari dira azkenaldian: astebetean %17 txikitu da koronabirusak jota ZIUetan dauden gaixoen kopurua.
Oraindik birusa erabat zabalduta dago Euskal Herri osoan, eta ez dago alde handirik lurralde batzuen eta besteen artean: azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 3.843 kasukoa da Araban; 3.790ekoa Gipuzkoan; 3.711koa Nafarroan, eta 3.290ekoa Bizkaian.
Eta positibo eman duten horietako batzuek ospitaleetako arta ere behar izaten dute. Hain zuzen, gaur egun 1.008 gaixo daude ospitaleratuta: daturik onena urtarrilaren 6tik. Kopurua jaisten ari da azken egunetan: duela bi aste baino %17 eri gutxiago daude, eta duela astebete baino %9 gutxiago. Hala ere, gaixotasunak gogor erasaten die gaixo batzuei, eta ZIUetako arta behar izaten dute. Egun, 129 gaixo daude larri: daturik onena abenduaren 23tik. Kopuru hori ere hobetzen ari da pixkanaka: duela bi aste baino %25 gaixo gutxiago daude, eta duela astebete baino %17 gutxiago.
Ospitaleratze berrien joerak ere erakusten du birusaren bilakaera onbidean dela. Hain zuzen ere, urtarrilaren 16tik jaisten ari da ospitaleratu berrien batezbestekoa: egun hartan, batez beste 131 gaixo ospitaleratzen zituzten egunero; orain, berriz, 109.